Gipuzkoako Foru Aldundiak %11 handitu ditu berdintasunaren alde lanean ari diren elkarteentzako diru laguntzak. 510.000 euro banatuko dituzte, iaz baino 50.000 euro gehiago. Irune Berasaluze foru bozeramaileak esan du asmoa dela babesa ematea «Gipuzkoan ahalduntzea sustatzen duten elkarte feministen eta emakumeen elkarteen funtsezko lanari». «Gure lurraldean matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde egiten duten lan garrantzitsua babestu nahi dugu, gizarte bidezkoago eta parekideago baterantz urrats gehiago egiteko, eremu guztietan».
Aurten 45 proiektuk jaso dute laguntza, iaz baino hiru gehiagok. «Datu horiek erakusten dute aldundiak nolako borondatea duen laguntza hauek lurraldearen benetako beharretara eta elkarteek berdintasunean duten inplikazio gero eta handiagora egokitzeko», azaldu du Berasaluzek. «Gure helburua da espazio seguruak finkatzen laguntzea Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko, bereziki zaurgarritasun egoeran daudenak».
Deialdi berriak bi diru-laguntza ildo aurreikusten ditu: lehena, elkarteen ohiko jarduerak finantzatzera bideratuta dagoena, eta bigarrena, «egoerarik ahulenean dauden emakumeen kolektiboei» zuzendutako proiektuei bideratutakoa.