Mendekotasun handiko pertsonen zaintzarako diru laguntza gutxieneko soldatarekin parekatzea proposatu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Etxean ematen den zaintza lana duintzeko asmoz egin du proposamena. Bihar eztabaidatuko dute gaia, Zainketa eta Gizarte Politiken batzordean.

Maddalen Iriarte, 2024ko abenduan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. GORKA RUBIO / FOKU
Maddalen Iriarte, 2024ko abenduan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 10a
14:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk zera proposatu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan: etxean ematen den zaintza lana duintzea, eta horretarako, gaur egun ematen den diru laguntza handitzea. Izan ere, EH Bilduko batzarkide Esti Elduaienek esan du Gipuzkoan adinekoen %85ek baino gehiagok etxean zainduak izan nahi dutela, baina sistema publikoak ez duela bermerik eskaintzen zaintza hori kalitatezkoa izan dadin. Bihar eztabaidatuko dute alderdi subiranistak egindako proposamena, Batzar Nagusietan, Zainketa eta Gizarte Politiken batzordean.

Egun gizarte zerbitzu publikoek hiru tresna eskaintzen dituzte pertsona bat bere etxean zaintzeko: etxez etxeko laguntza zerbitzua, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa —zaintzaile bat kontratatzeko ematen den laguntza— eta familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa —zaintza senide batek egiten duenean ematen den laguntza—. Azken bi prestazioak diputazioak ematen ditu, eta, EH Bilduren irudiko, «ez dira nahikoak» pertsona baten zaintza behar bezala bermatzeko. «Norbait kontratatzen denean, diru laguntzak eguneko ordu batzuk soilik estaltzen ditu, eta gainerako zaintza familiaren bizkar geratzen da», esan du Elduaienek. «Zaintza senide batek egiten duenean, berriz, are diru gutxiago jasotzen da, eta horrek prekaritatea areagotzen du, eta bereziki zaintza lanetan aritzen diren emakumeei eragiten die».

Hortaz, EH Bilduk proposatu du mendekotasunaren hirugarren gradua duten pertsonak zaintzeko ematen den laguntza ekonomikoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea. «Hori bai: gutxieneko soldata horrek Gipuzkoako eta Euskal Herriko egoera sozioekonomikora egokitutakoa izan beharko luke, Espainiako Estatuko erreferentziak ez baitu balio euskal herritarren duintasuna bermatzeko», dio EH Bilduko batzarkideak. Gainera, adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak baduela horretarako gaitasuna, lurraldeak inoizko diru bilketa handiena egin baitu. «Lehentasunak non jarri, hori da kontua, eta, ezker subiranistaren iritziz, bada garaia baliabide publikoak pertsonen zaintzan behar bezala inbertitzen hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!