Donostiako Udalak urtarrilaren 7an jakinarazi zuen behin betiko onartu duela hiri antolamenduko plan orokorraren aldaketa, eta neurri horrek «muturreraino» murriztuko duela hotel eta pisu turistiko berrien irekiera. Arau aldaketak ostatu erabilera duten establezimendu guztiei eragiten die, hala nola ostatuei, aterpetxeei eta erabilera turistikoko etxebizitzei. Halere, kanpinak, landa turismoak eta landetxeak neurri horretatik kanpo geratuko dira, bai eta hiriko Parte Zaharra ere, udalak eremu saturatutzat jotzen baitu jada. Donostiako EH Bilduk esan du hiriak bazuela gisa horretako neurri baten premia, baina iruditzen zaio erabakia «berandu» hartu dutela eta «hankamotz» geratzen dela. «Komeni da zehaztea hau ez dela neurri berri bat, udalak horrela ulertarazi nahi izan duen arren. Izan ere, urtarrileko osoko bilkuran onartuko dena duela bi urte abiatutako prozesu bat da».
EH Bilduk esplikatu du 2023ko martxoan udal gobernuak hotel berriak eta etxe turistikoak baimentzeko luzamendu bat iragarri zuela. «Hiri antolamenduko plan orokorra aldatzeko erabakia ez du EAJ-PSEren udal gobernuak bere kabuz hartu egoeraren larritasunarekin konbentzituta zegoelako, baizik eta eragileek, herritarrek eta EH Bilduk egindako presioaren ondorioz. Ordurako, inkesta ofizialek ez zuten zalantzarako tarterik uzten: nabarmena zen donostiar gehienak kezkatuta zeudela egoerarekin».
Hortaz, erabakia lehenago hartu behar zela uste du EH Bilduk: «Neurria berandu dator, kaltea jada egina dagoela iritsi baita. Gainera, hankamotz gelditzen da. EH Bildurentzat beharrezkoa da erregulazioan jasotako edozein salbuespen ezabatzea, besteak beste eremu saturatuetan hotelak irekitzeko aukera ematen dutenak. Izan ere, ondarea babeste aldera egiten dela esatea eufemismo hutsa da, azken urteotan ikusi baitugu elizak, komentuak edo villa historikoak nola bilakatu dituzten hotel». Satrustegi Dorrea jarri dute horren adibide. «Eta bidean dira Mariaren Bihotza, Maria Inmaculada eta Pio X.a. Denak Grosen. Gogorarazi nahi dugu Antiguan, Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen izan ezik gainerako eremuetan hotelak eraiki daitezkeela».
Neurri eraginkorrak
EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du «kontrolerako mekanismo propioak» ezartzea, bai eta araudia betearaztea ere. «Ontzat ematen dugu onarpena, jakina, baina laster beste neurri batzuk hartu beharko dira, eraginkorragoak izango direnak, eta zorroztasunez betearazi behar dira: hiri osoan ezin dira hotel gehiago baimendu, eta horretarako salbuespenak desagertuko dira. Gaur egun hirian dagoen pisu turistikoen kopurua ezin da inondik inora ontzat eman, eta, kopuru hori modu progresiboan apalduz joateko, lizentzien iraungitzea eskatzen dugu. Donostiak etxebizitza larrialdia du, herritarrok berebiziko arazoak ditugu etxebizitza duin baterako sarbidea izateko, eta hiria tentsio handiko eremu deklaratuta dago».