Donostiako Udalak behin betiko onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa, eta «muturreraino» murrizten du hotel eta pisu turistiko berrien irekiera. Arau aldaketak ostatu erabilera duten establezimendu guztiei eragiten die, hala nola ostatuei, aterpetxeei eta erabilera turistikoko etxebizitzei. Halere, kanpinak, landa turismoak eta landetxeak neurri horretatik kanpo geratuko dira, bai eta hiriko Alde Zaharra ere, udalak eremu saturatutzat jotzen baitu dagoeneko.
Jon Insausti alkateak dio neurri «aitzindaria» dela ezarri berri dutena: «Udalerri bakar batek ere ez du hartu ostatu erabilerei hainbeste eragiten dien erabakirik. Guk etxebizitza izateko eskubidea defendatzen dugu uste dugulako horretarako premia dagoela». Donostiarrei «lehentasuna» eman nahi diete hala. «Etxebizitza eraikitzeko aurreikuspena dagoen lekuetan etxebizitza egotea bermatuko dugu, eta edozein ostatu turistiko mota kanpoan utzi. Horrek bizikidetza orekatua sustatzeko modua emango digu. Hori da hiria egiten ari garelako adibide garbia, herritarren bizi kalitatea babesteko beharrezkoak diren baliabideak eta tresnak jartzea».
Hortaz, alkateak azaldu duenez, HAPOren aldaketen eraginez, «ezinezkoa» izango da hotel gehiago eraikitzea. «Ez dugu emango pisu turistikoetarako lizentzia bat gehiago ere, eta ezinezkoa izango da lehendik zeudenak handitzea. Azken hilabeteetan pisu turistikoen kopurua jaitsi egin da udalak emandako itxiera aginduei esker».
Alkateak esplikatu du HAPOren aldaketak bi lurralde eremu bereizten dituela hirian. Alde batetik, «hirigintzako lurzati guztien etendura orokorra» ezartzen du, horien kalifikazio xehatua edozein dela ere, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaeta auzoetan. Gainerako auzoetan —Amara Berri, Egia, Loiola, Txomin Enea, Martutene...—, «bizitegi lurzatietan» baino ez da aurreikusten etenaldia.