Borroka «ahaztezin» baten efemeridea

Mende erdi bete da Lasarte-Oriako Michelineko langileek ehun eguneko greba abiatu zutenetik. Gertakari hura gogoratzeko, lanuztean parte hartu zuten hainbat lagunek talde bat osatu dute, bai eta askotariko jarduerak antolatu ere.

Lasarte-Oriako Michelinen 1976ko ehun eguneko greba oroitzeko sortutako taldea, atzo, Lasarte-Orian. JON URBE / FOKU
Lasarte-Oriako Michelinen 1976ko ehun eguneko greba oroitzeko sortutako taldea, atzo, Lasarte-Orian. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Lasarte-Oria
2026ko otsailaren 17a
11:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzoko egunez hasi zen Gipuzkoako hainbat herri astindu zituen ehun eguneko greba, Lasarte-Oriako Michelineko langileena, orain 50 urte. Ordu hartan, 3.500 langile ari ziren han lanean, eta gehienek kaleak hartu zituzten, euren lan baldintzen alde. Enpresak langile ugari kanporatu zituen, eta horrexek areagotu zuen langileen haserrea. Felix Perezek parte hartu zuen greba hartan, eta enpresak kaleratu zuen lehen langilea izan zen. Esan du «oso garai gogorra» eta «ahaztezina» izan zela. «Franco hil zela artean ez ziren hiru hilabete, eta diktadurak jarraitzen zuen. Beraz, askatasun demokratikoak eta lan eskubideak zapalduta zeuden. Gainera, Lasartek izugarrizko menpekotasuna zeukan Michelinekiko, eta grebaren oihartzuna eta ondorioak oso handiak izan ziren herrian». Efemeridea dela eta, lanuzte hartan parte hartu zuten hainbat lagunek talde bat osatu dute berriki, bai eta askotariko jarduerak antolatu ere, hala nola erakusketa bat, hitzaldi bat Lasarte-Oriako institutuan, orduko grebalarien batzar bat eta bazkari bat. «Michelin multinazionalaren makina inposatzaileari eta eskubide soziolaboralak eta oinarrizko askatasun demokratikoak ukatzen zizkigun testuinguru politiko bati aurre egin behar izan zioten langileen belaunaldia oroitu eta omendu nahi dugu hala».

Lasarte-Oriako Michelineko langileek 1976ko otsailaren 16an abiatu zuten ehun eguneko greba, eta Perezek kontatu du «dinamika asanblearioa» izan zutela eztabaida, erabaki eta kohesio kolektiborako giltza. Gipuzkoako hainbat herritako elizetan elkartzen ziren, baina Guardia Zibilak hausten zizkien bilkurok. Gainera, Perezen hitzetan, Michelinen «ustiapenak» eta «kontrolak» langileen arteko desberdintasuna eta konfrontazioa bultzatzen zuen, haien «potentzial kolektiboa neutralizatzeko» asmoz. «Ez zegoen negoziazio kolektiborik, eta sindikatuak legez kanpokoak ziren; eta hala patronala nola sistema langileen mugimenduaren antolakuntzari eta borroka mekanismoei jazartzen zitzaizkien, eta baldintzatu egiten zituzten». Hortaz, esan duenez, marko soziopolitiko «errepresibo» eta «askatasunik gabeko» hartan, Michelineko langileen grebak «ekarpen garrantzitsuak» egin zizkien garai hartako langile borrokaren ereduei. «Mobilizazio ugari egin genituen Lasarte-Orian, Donostian eta inguruko herrietan, arduradun politikoengan eragiteko. Michelineko gainerako zentroekin elkartasun dinamika bat bultzatu genuen, ekintzak eta mobilizazioak koordinatu genituen borrokan ari ziren beste enpresa batzuekin, eta erresistentzia ekonomikoa bultzatzeko mekanismo berritzaileak sustatu genituen behar handiena zuten langileei laguntzeko».

«Borroka eredugarria»

Maise Otaño izan zen enpresak kaleratu zuen hirugarren langilea, eta esan du emakume askok eta askok parte hartu zutela greban, hala enpresako langileak zirenek nola langileen emazte edo senideek. «Esango nuke emakumeek bereziki sufritu zutela ehun eguneko greba hartan; eredugarria izan zen emakumeon borroka». 

Otañok kontatu duenez, greba hasi eta lau egunera, andreek gizonezko lankideen asanbladetan parte hartzeko baimena eskatu zuten, elkartasuna adierazte aldera. «Txalo artean hartu gintuzten». Izan ere, ordura arte «modu autonomoan» biltzen ziren emakumeak, «beste tailer bat» izango balira bezala. Grebaren gaineko bozketetan, gehienek bozkatzen zuten alde, nahiz eta bazen kontra edo zuri bozkatzen zuenik ere. «Martxoaren 23an, adibidez, 95 emakumek greba egitearen aldeko botoa eman zuten, bakar batek bozkatu zuen aurka, eta hiruk zuri. Hori dela eta, emakumeok Guardia Zibilaren errepresioa eta bestelako zigor eta jazarpen mota batzuk sufritu behar izan genituen». Nolanahi ere, handituz joan zen aldeko botoen kopurua; izan ere, langileek hiru hilabete zeramatzatenean greban, 172 emakumek bozkatu zuten grebaren alde, hasieran baino 77 gehiagok. 

Michelingo langileak
Lasarte-Oriako Michelineko langileak, 1976ko ehun eguneko greban. BERRIA

Otañok gogoan ditu enpresa atarian egin zituzten zenbait mobilizazio, eta, Perezen antzera, esan du «oso gogorrak» izan zirela. «Lehenengo mobilizazioetako batean, Guardia Zibilaren uniformerik gabeko piketeak agertu ziren enpresa atarian, eta nortasun agiriak kendu zizkiguten». Halere, erresistentzia egiten jarraitu zuten, eta martxoaren 23an, Donostiako Jesuiten elizan itxi ziren 45 emakume, gau batez; azkenean, poliziak atera zituen handik. Maiatzaren 12an, berriz, Guardia Zibilak zortzi emakume atxilotu zituen, bai eta atxiloketa haren aurka egin zutenen aurka «oldartu» ere. «Egun horretan, arratsaldeko zortzietan, jende asko mobilizatu zen emakume horiek aska zitzaten. Hurrengo egunean herri osoak parte hartu zuen, 3.000 lagunek baino gehiagok. Azkenean askatu zituzten emakumeak, gaua furgoi batean pasatu ondoren». 

Otañok uste du andreak «funtsezko faktore» izan zirela greban, eta errepresioak ez zituela ikaratu. Esan du langile guztiak «elkartuta» egon zirela, grebalariak eta kanporatuak. «Elkar babestu genuen, eta kanpotik ere babes handia eman ziguten. Hala jakin genuen borrokari eusten».

Taldearekin bat egiteko

Talde eratu berriak antolatutako ekintzetan parte hartzeko eta taldera batzeko deia egin die orain 50 urte Lasarteko Michelinen lanean aritu zirenei. Garai hartako argazkiak, pegatinak, kartelak eta dokumentuak ere bildu nahi dituzte, eta helbide elektroniko bat sortu dute horretarako: 100egunekogreba@gmail.com. «Jendeak halakorik balu etxean, eskertuko genuke bidaltzea, guztiz baliagarriak izango baitzaizkigu egin nahi dugun erakusketarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.