Diabetesaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute, Behobia probaren bueltan

Diabetesari buruz gizartean dagoen «ezjakintasun handiari» erantzun nahian, programazio zabala antolatu du Gipuzkoako Diabetesaren Elkarteak

jone arruabarrena
2023ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Igandean egingo da Behobia-Donostia lasterketa, eta, diabetesa duten korrikalariei arreta emateko, bertan izango dira Gipuzkoako Diabetesaren Elkarteko kideek. Dena dela, eguna bera egitarau baten barruan sartzen dute elkartekoek. Izan ere, azaroaren 14an izaten da Diabetesaren Nazioarteko Eguna, eta, horren bueltan, hainbat eguneko egitarau zabala aurkeztu dute aurten ere, diabetesaren inguruan ikasi eta «komunitatea sortzeko».

«Diabetesa heltzen denean, guztia nahiko kaotikoa da», azaldu du elkarteko lehendakari Xabier Amunarrizek. Ildo ugari lantzen dituzte; kirola eta lan arloko diskriminazioa, kasurako. Baina, gehienbat, diagnostikoa jasotzen duten haurretan jartzen dute arreta. «Gurasoek nahiko gaizki eraman ohi dute kontua, eta laguntza eske etortzen dira».

Psikologia zerbitzua eskaintzen du elkarteak, gaixotasunaren «onarpena» lantzeko, baina, horrez gain, udalekuak, mendi irteerak eta hitzaldiak antolatzen dituzte. «Helburu nagusia da beren egoera bera duten beste batzuk ezagutzea, eta horiekin batera babes sare bat sortuz joatea», esan du elkarteko lehendakariak.  Izan ere, Amunarrizek salatu du «ezjakintasun handia» dagoela gaixotasunaren inguruan: «Diabetesa duzula esaten duzunean, jendeak pentsatzen du ezin duzula azukrerik jan. Eta kontrakoa da: diabetesa dugun pertsonok azukrea eraman behar dugu poltsikoetan». Gehitu du ez dagoela zabalduta 1 motako eta 2ko diabetesaren arteko ezberdintasuna, eta «oso ezberdinak» direla. Ezjakintasunak oztopoak ekartzen dizkie diabetesa dutenei, Amunarrizek esan duenez; batez ere, haurtzaroan. Hezkuntza arloan, esaterako, diabetes hezitzailearen figura askotan aldarrikatu du elkarteak: «Diabetesa dugunok, goizetan begiak irekitzen ditugunetik, erabakiak hartu behar ditugu une oro; egunean zehar egingo dugunaren edo daukagun gosearen arabera, esaterako, intsulina kantitate bat edo beste jartzeko. Umeek, askotan, ezin dituzte halako erabakiak modu egokian hartu, eta, diagnostikatu berri daudenean, haien gurasoek ere askotan ez dute jakiten nola jokatu».

Horretan bat dator Jose Llanderas korrikalaria;  diabetesa dauka, eta uste du berak «zorte handia» izan zuela, endokrinoak eta erizainak «oso ondo» erakutsi ziotelako intsulina nola kudeatu, kirola egiteko eta eguneroko bizitzarako: «Hezkuntza diabetologikoa funtsezkoa dela uste dut», esan du Llanderasek.

Umeak eskolan daudenean, berriz, ardura askotan irakasleen gain geratzen dela dio Amunarrizek, eta horiek ez daukatela formakuntzarik diabetesa dutenen beharrei aurre egiteko. Horregatik, eskoletan «gaian trebatuta dauden profesionalak» jartzeko eskatu du elkarteko lehendakariak: «Eskolako erizainaren figura, adibidez, aproposa izango litzateke. Ez bakarrik diabetesa duten pertsonentzat, baizik eta baita gainontzeko umeentzat ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.