Donostiako Aizepe elkarte gastronomikoak Ibon Sarasola Monzon bazkidea «behin betiko» kaleratu du. Sarasolak Irutxuloko Hitza-ri esan dionez, «emakume bati sukaldean sartzen uzteagatik» kanporatu dute. Elkarteak, baina, hedabide horri kontatu dio beste arrazoi batzuk direla-eta erabaki dutela hura kanporatzea.
Ehun urte baino gehiago dira Aizepe sortu zutela. Elkarteak zera jasotzen du gaur egun bere estatutuetan: gizonak soilik izan daitezkeela bazkide. «Emakumeak eta haurrak araudian ezarritako data, egoera eta baldintzetan soilik sartu ahal izango dira elkartean».
Sarasolak Irutxuloko Hitza-ri kontatutakoaren arabera, 2024an bere familiako emakume bati sukaldean sartzen utzi zion, bazkaria prestatzen lagun ziezaion: «Nik banekien emakumeak ezin direla sartu sukaldera, baina ez nion eragozpenik jarri. Nolabait, suminaldi bat eduki nuen: ‘Zergatik ezingo dira emakumeak sukaldera jaitsi?'. Jaitsi, eta lagundu zidan xerra bat ogi birrindutan pasatzen». Sarasolak dio han zegoen bazkide batek gogorarazi ziola emakumeek debekatuta zeukatela sukaldean sartzea, eta eztabaidan hasi zirela. Handik egun batzuetara, urtebeterako kanporatuko zutela esateko hots egin zioten. Sarasolak dio saiatu zela elkarteko kideekin hitz egiten, baina, azkenerako, 2025eko uda amaieran «behin betiko» kaleratzea erabaki zutela.
Sarasola Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin jarri zen harremanetan, Aizeperen aurkako kexa bat jartzeko asmoz. Emakundek ikerketa bat abiatu zuen orduan, eta joan den abenduan kexaren berri eman zion Aizeperi, bai eta «diskriminazioa amaitzeko» aholkuak eman ere.
Elkarteak Irutxuloko Hitza-ri esan dio «abokatuen esku» utzi duela auzia.