Eureka zientzia museoaren itxiera bi urte atzeratzea onartzekoa da Kutxa fundazioa

Patronatua bihar da erabaki hori hartzekoa. Donostiako alkate Jon Insaustik proiektua zabalik mantentzeko «behar diren neurri guztiak» hartzeko eskaera egin dio, hiriak «anbizio eta irismen bereko proiektu bat» izan arte behintzat.

Eureka zientzia museoa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Eureka zientzia museoa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 8a
14:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eureka zientzia museoaren itxiera bi urte atzeratzea onartzekoa da bihar Kutxa fundazioa, iturri ofizialak aipatuz Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez. Hain justu, patronatua bihar da biltzekoa, eta, informazio horren arabera, museoa beste bi urtez irekita egotearen alde bozkatzekoak dira EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko ordezkariak.

Kutxa fundazioak orain bi aste jakinarazi zuen ekainaren 30ean itxiko zuela Eureka zientzia museoa, hedabideei igorritako ohar batean. Zioen museoa oso proiektu baliagarria eta preziatua izan dela, «Gipuzkoako ikasleak eta familiak zientziara hurbiltzen» aritu dena 25 urtez. Balizko itxieraren arrazoia zera da: fundazioaren irudiko, museoaren erakusketa ereduak bilakaera izan duela eta mugak dituela publiko berriarekin konektatzeko garaian.

Erabakiak harridura eragin zuen, eta museoari eustearen aldeko zenbait mezu zabaldu dira ordutik. Kasurako, Jon Insausti Donostiako alkateak Kutxa fundazioari gutun bidez eskatu zion, atzo, museoa ixteko erabakia «birplanteatu» dezala eta hura zabalik mantentzeko «behar diren neurri guztiak» har ditzala, hiriak «anbizio eta irismen bereko proiektu bat» izan arte gutxienez. Alkateak uste du proiektua «beharrezkoa» dela eta ixteak «dibulgazio zientifikoaren erreferentzia galtzea» ekarriko lukeela.

Itxierak donostiarrengan «kezka» eragin duela ere azaldu zuen fundazioari igorritako idatzian, eta esan Donostia «nazioarteko erreferentziazko hiria» dela zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren alde egiten duen ahalegina dela eta. «Donostia zientziaren hiria da, eta hala erakutsi du egin dituen apustuen bidez. Horren erakusle dira ordenagailu kuantikoa, dorre kuantikoa eta hiria zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren inguruan izaten ari den garapen guztiaren hazkundea». Hala, Insaustik fundazioari eskatu zion «donostiarren kezka entzuteko» eta zientzia museoa ez ixteko, gisa horretako alternatiba bat egon arte behintzat. 

Atenea gunea

Kutxa fundazioak badu zientziarekin lotutako beste proiektu bat esku artean, Atenea izeneko diziplina anitzeko gunea. Datorren urtean irekiko dute, Donostiako Tabakaleran. Gune berri hori fundazioak 2030era bitarte egindako plan estrategikoan bildutako proiektuetako bat da, eta, oraindik gune berria nolakoa izango den aztertzen ari badira ere, hainbat datu eman zituzten iazko ekainean: 6.300 metro koadro izango ditu, eta hainbat gunetan egongo da banatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA