Donostiako EH Bilduk udalari eskatu dio azter dezala Emakumeen Etxearen egoitza Bretxara mugitzea

Uste dute egoitza Bretxara mugitzeak «zentralitatea» emango liokeela proiektuari. Emakumeen Etxeko kideek «egonkortasuna, egokitasun funtzionala eta epe luzerako bideragarritasuna bermatuko dituen proposamen bat» eskatu diote udalari.

Izar Hernando eta Itziar Iturri, gaur, Donostiako udaletxean. BERRIA
Izar Hernando eta Itziar Iturri, gaur, Donostiako udaletxean. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko martxoaren 5a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Emakumeen Etxearen egoitzak hamabost urte baino gehiago daramatza Okendo kaleko 9. zenbakian, behin-behinean. Azken hiru hilabeteotan, Donostiako Udalak egoitza lekuz aldatzeko proposamena egin dio, eta bi leku eskaini: Loiolako Erriberako gune bat eta Agirre Miramon kaleko udal lokala. Emakumeen Etxeko kideak instalazio horietan izan dira oraintsu, eta erabaki dute bi aukerak baztertzea. «Udalak eskainitako lekuek ez diete behar bezala erantzuten proiektuaren beharrei», esan dute. Izan ere, Emakumeen Etxeko kideek diote euren jarduna ez dela «udal informaziorako gune soil bati» dagokiona, bestelako behar batzuk ere badituztela, hala nola «harreragune zabal bat, arreta pribatu eta espezializatuetarako gelak, prestakuntzarako ikasgelak eta edukiera handiko aretoak». Horrez gain, «irisgarritasuna, zentralitatea, ordezkaritza izaera eta osasungarritasuna bermatuko dituen leku bat» eskatu dute, eta diote udalak aztertutako aukerek ez dituztela betetzen baldintza horiek. Hortaz, EH Bilduko udal taldeak zera eskatu dio udalari: azter dezala Emakumeen Etxea Bretxara mugitzea edo «beste modu batera» konprometitu dadila beste egoitza bat bilatzeko lanean. 

Izar Hernando Donostiako EH Bilduko zinegotziak esan du Emakumeen Etxea Bretxara mugitzeak «zentralitatea» emango liokeela proiektuari. «Parte Zaharrak, hau da, gentrifikazioaren ondorioz kaltetutako eta saturatutzat jotako auzo batek bere komunitate ehuna berreskuratuko luke hala. Izan ere, Emakumeen Etxea elkartzeko espazio publiko bat da, eta hala izan behar du aurrerantzean ere: emakumeen banakako eta taldekako arretarako gune bat ez ezik, gizarte premia jakin batzuei erantzuten dien espazio bat ere izan behar du».

Emakumeen Etxekoek ez dakite zein izan daitekeen aukerarik egokiena, baina uste dute udalak eskainitako Agirre Miramon kaleko lokala «administrazio zerbitzuetarako pentsatuta» dagoela, eta hortaz, iruditzen zaie horrek ez duela bermatzen aholkularitza espezializatuetarako behar den pribatutasuna, ez eta askotariko jarduerak egiteko gune espezifikoak izatea ere. «Batukadak eta abesbatzak akustika eta edukiera egokiak behar dituzte, eta leku horrek ez ditu baldintza horiek betetzen. Gainera, ez da egokia terapia antzerkiak, batzarrak eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeentzako talde terapiak egiteko». Haien ustetan, Loiolako Erriberako lokalak ere ez ditu betetzen behar dituzten baldintzak, ez duelako «proiektuak izan beharko lukeen balio sinbolikorik» eta «irisgarritasunari lotutako zailtasunak» dituelako.

Urteak dira Donostiako Emakumeen Etxea behin-behineko egoitza batean dagoela. 2023an, udalbatzak behin-behineko leku bat eskaini zien Amara kalean, baina Emakumeen Etxekoek diote proiektu hori ez dela sekula gauzatu. Iaz Loiolako Erriberako lokala eskaini zien «behin betiko alternatiba gisa», eta aurten, berriz, Agirre Miramongo gunea. «Guretzat beharrezkoa da egonkortasuna, egokitasun funtzionala eta epe luzerako bideragarritasuna bermatuko dituen proposamen bat izatea», esan dute kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.