Donostiako Eureka zientzia museoa Gipuzkoako ikasleak eta familiak «zientziara hurbiltzen» aritu da 25 urtez, eta Kutxa fundazioak jakinarazi berri du hala jarraituko duela aurrerantzean. Izan ere, fundazioak orain bi aste iragarri zuen ekainaren 30ean itxiko zuela museoa, eta erabakiak harridura eragin zuen, bai eta horretarako propio sortutako Eureka Bizirik plataformak museoari eustearen aldeko sinadurak bildu ere. Hain justu, patronatua gaur arratsaldean bildu da, eta museoa irekita mantentzearen alde egin du.
«Azken asteotan, Kutxa fundazioak Eurekarekiko babes eta afektu adierazpen ugari jaso ditu, museoak Gipuzkoako herritarrentzat duen balioa berresten dutenak», hala dio fundazioak hedabideei igorritako oharrean. «Entzute prozesu horren emaitza gisa, Kutxa fundazioak espazioaren etorkizunari buruz adierazitako posizionamenduak aztertu ditu, eta, hasierako planteamendua birplanteatu ondoren, Eureka irekita mantentzea erabaki du».
Orain bi hilabete iragarritako itxieraren arrazoia zera zen: Kutxa fundazioaren irudiko, museoaren erakusketa ereduak bilakaera izan duela, eta mugak dituela publiko berriarekin konektatzeko garaian. Orain, baina, fundazioak esan du museoaren dibulgazio zientifikoaren eredua «birdefinitu» nahi duela, eta bien bitartean Tabakaleran ireki asmo duen Atenea proiektua garatuko duela. «Espazio desberdinak modu koherente eta osagarrian artikulatuko dituen ikuspegi integratu» bat sortu nahi dute hala. «Eurekaren bilakaera eta eguneratzea ikuspegi berri horretan txertatu nahi dugu, eta, hala, gizartean duen eragina indartu».
Fundazioak aurreratu du Atenea «diziplina anitzeko gune bat» izango dela. Datorren urtean irekiko dute, Donostiako Tabakaleran. Gune berri hori fundazioak 2030era bitarte egindako plan estrategikoan bildutako proiektuetako bat da, eta, oraindik zer-nolakoa izango den aztertzen ari badira ere, hainbat datu eman zituzten iazko ekainean: 6.300 metro koadro izango ditu, eta hainbat gunetan egongo da banatuta.
Erakundeen babesa
Eureka zientzia museoa ixteko berria zabaldu eta egun gutxira, Jon Insausti Donostiako alkateak Kutxa fundazioari gutun bidez eskatu zion erabakia «birplanteatu» zezala eta hura zabalik mantentzeko «behar diren neurri guztiak» har zitzala. Alkateak uste du proiektua «beharrezkoa» dela eta ixteak «dibulgazio zientifikoaren erreferentzia galtzea» ekarriko lukeela. Baikor azaldu zen, halere, fundazioak «erabaki onena» hartuko zuelako esperantzaz.Â
Gipuzkoako Foru Aldundia ere alkatearen modu bertsuan mintzatu zen, fundazioari eta zientzia museoari babesa emateko prest azaldu baitzen, erabakitzen zutena erabakitzen zutela ere.
Fundazioak ez dio izkin egin erakundeek adierazitako babesari. «Kutxa fundazioak erakunde publikoekin lankidetzan aritzeko borondatea azaldu nahi du, beti egin izan duen bezala, eta, hartara, elkarrizketarako aldi bat ireki azken egunetan jarraipenean interesa agertu dutenekin, etorkizunean inplikatu eta lankidetzan aritzeko balizko bideak aztertzeko».
Hortaz, zientzia zabaltzeko duen konpromisoa indartu nahi du fundazioak, hala eskolekin eta familiekin nola gizarte osoarekin.