Donostiako Parte Zaharreko hainbat eragilek ia mila sinadura bildu dituzte udalari auzo ekipamendu gehiago eskatzeko

Jon Insausti alkatearekin bildu nahi dute, uste baitute gai horren gaineko «erabaki politikoak hartzeko garaia» dela.

Donostiako Parte Zaharreko hainbat auzo elkartetako kideak, abenduan, Donostian. PARTE ZAHARREAN BIZI
Donostiako Parte Zaharreko hainbat auzo elkartetako kideak, abenduan, Donostian. PARTE ZAHARREAN BIZI
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 18a
09:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Parte Zaharreko hainbat auzo elkartek 983 sinadura bildu dituzte udalari auzo ekipamendu gehiago eskatzeko; Parte Zaharreko eta Erdialdeko 532 lagunek, hiriko beste auzo batzuetako 345 herritarrek eta hiritik kanpoko 106k sinatu dute eskaria. Sinadurok asteon aurkeztu dituzte udalean, bai eta Jon Insausti alkatearekin biltzeko eskaera egin ere. «Azken hilabeteotan hainbat udal teknikarirekin bildu gara, eta erabilgarri dauden eraikin eta espazioen aukerak aztertu ditugu haiekin. Orain, erabaki politikoak hartzeko garaia dela uste dugu».

Parte Zaharreko hamabost elkartek parte hartu dute sinadura bilketan: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Kale Lagunak Hockey Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde Zaharra Kirol Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada eta Jarana Herri Kirol Taldea. Iruditzen zaie auzo bat ez dela «etxe multzo bat» soilik: «Auzo bizitzarik gabe ez dago auzorik, eta auzo bizitza egon dadin, bizilagunen beharrak aseko dituzten zerbitzu eta azpiegiturak behar dira».

Eragileek diote Parte Zaharrak beharrezkotzat dituela azpiegitura berriak, besteak beste, auzoak «hazkunde turistikoak» eragindako «ondorio larriak» jasan dituelako. «Turistifikazio eta gentrifikazio prozesuek auzoaren bizitegi eta merkataritza egitura eraldatu dute: espazio publikoa pribatizatu eta masifikatu egin da, egunerokorako behar diren dendak desagertu egin dira multinazionalen ugaritzearekin batera, eta etxebizitza prezioaren igoera mugagabeak bertako bizilagunen galera eta desplazamendua ekarri ditu». Hargatik, uste dute auzoak «bizigarri» izateari utzi diola, eta udalak ez diola egoera horri konponbiderik jarri. «Udal politiken bitartez, bizilagunen interes kolektiboa eta bizi baldintzen hobekuntza lehenetsi beharrean, jabe handien eta elite ekonomikoaren interesak lehenesten dituzte. Hala ez balitz, udalak aspaldi konponduko luke Parte Zaharreko ekipamendu gabeziaren arazoa».

Auzorako instalazioak

Esan dute auzoak ez duela udal zerbitzurik falta, badirelako museoak, antzokiak eta gisa horretako instalazioak, baina diote halakoak ez direla auzoari zuzendutakoak. «Museoetan eta antzokietan nekez sortzen da auzo bizitzarik», diote. «Gure auzoak kirol instalazioak behar ditu, eguneko zentro egoki bat, kultur etxea, erabilera anitzeko lokalak, gaztetxea... Urteak daramatzagu behar horiek eskatzen, eta auzoak azken urteotan izandako bilakaerak larriturik, inoiz baino garrantzia handiagoa hartu dute. Izan ere, Udalak baditu hainbat espazio erabilgarri, hala nola Bretxako eta Esterlines kaleko anbulatorio zaharra». Eragileek diote, auzoaren beharrak betetze aldera, «prestutasun osoa» dutela Donostiako Udalarekin elkarlanean aritzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.