Donostiako Satrustegi dorrea luxuzko hotel bihurtzea onartu du Euskal Kultura Ondarearen Kontseiluak

Eraikina «erreskatatzea» da helburua, «jendeak erabil dezan». EH Bildu eta Ancora ondarea babesteko elkartea ez datoz bat proiektuarekin.

Donostiako Satrustegi dorrea. BERRIA
Donostiako Satrustegi dorrea. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2025eko urriaren 23a
12:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Satrustegi dorrea luxuzko hotel bihurtzeko proiektuak beste oztopo administratibo bat gainditu du; izan ere, Euskal Kultura Ondarearen Kontseiluak ontzat jo du jauregia babesteko dekretua aldatzea. Aldaketa horrek baimenduko du dorrearen aurrealdeko lorategietan lurpeko jarduketak egitea, baldin eta lurraren egungo egoera zaintzen bada. «Dorrearen lorategi historikoa kontserbatzea, zaharberritzea edo leheneratzea» bermatzen duten esku hartzeak baino ez dituzte onartuko arau aldaketan, eta, beraz, Euskal Kultura Ondarearen Kontseiluaren arabera, «lurpeko lanek ez diote eragingo lurzatiaren erregimen hidrikoari».

Asmoa da luxuzko 25 logelako hotel bihurtzea Satrustegi dorrea. Logeletan, askotariko materialak konbinatu nahi dituzte, tokiari «argia eta kalitatea» emango diotenak. Jatetxea eta bainuetxea ere izango ditu hotelak. Jauregia osatzen duten egiturazko elementuak mantenduko dituzte, hala nola estalkia eta fatxada. Donostiako Udalak esan du eraikina «erreskatatzea» dela helburua, «jendeak erabil dezan».

«Gobernu talde honek, herritarren eskaria defendatu beharrean, gutxi batzuen proiektuak errazteko egiten du lan»

JUAN KARLOS IZAGIRRE EH Bilduko zinegotzia Donostiako udalean

EH Bildu ez dator bat proiektuarekin. «Satrustegi dorrea bost izarreko hotel bihurtzea bateraezina da moratoria indarrean duen hiri batean. Inkesta ofizialek diote herritarrek uste dutela turismoak goia jo duela eta nahikoa dela».

Proiektua eta arauak

Juan Karlos Izagirre Donostiako Udaleko EH Bilduko zinegotziak esan du «interes pribatuak defendatzea» dela Satrustegi dorrea hotel bihurtzea. «Gobernu talde honek, herritarren eskariak defendatu beharrean, gutxi batzuen proiektuak errazteko egiten du lan. Gainera, kezkagarria da operazio hauek guztiak gure ondarea zaintzeko egiten direla entzun behar izatea».

Ancora ondarea babesteko elkartea ere kezkatzen du egoerak, iruditzen baitzaie lurzatia «ia erabat» induskatu behar dela egin nahi dituzten lanak egiteko. «Proiektua egokitu behar da arauetara, eta ez alderantziz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.