Donostiako Udalak iragarri du bederatzi hautaketa prozesu egingo dituela enplegu publikoko hogei lanpostu betetzeko. Lan eskaintza publiko horren helburu nagusia «zerbitzu publikoaren egonkortasunean beste pauso bat ematea» da. Udalaren irudiko, donostiarrei arreta hobea eskaini ahal izango zaie modu horretara «eremu garrantzitsuetan», hala nola hezkuntzan, ingurumenean eta gizarte gaietan. Lanpostuak hauek izango dira:
- Industriako ingeniari teknikoa - 3 plaza.
- Gizarte Hezkuntzako erdi mailako teknikaria - 2 plaza.
- Osasun eta Ingurumen teknikaria - plaza 1.
- Gizarte Sustapen eta Hezkuntzako erdi mailako teknikaria – 2 plaza.
- Hiri Mantentze eta Zerbitzuetan espezializatutako erdi-mailako teknikaria - plaza 1.
- Mugikortasunean espezializatutako erdi mailako teknikaria – 2 plaza.
- Komunikazioetako operadorea - 4 plaza.
- Zaintzailea (Abegi Etxea) – 2 plaza.
- Eskola-atezaina – 3 plaza.
Deialdiak Espainiako BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira aurki, eta orduan irekiko dute izena emateko epea. Epe hori dagokion iragarkia BOEn argitaratu eta hogei egunera amaituko da.
Hautaketa prozesu bakoitzari buruzko informazioa Donostiako Udalaren webguneko Enplegua atalean kontsultatu ahal izango da; bertan emango dute deialdien irizpideen eta eskabideak aurkezteko epeen berri.