Donostiyako Bertso Potajia bertsozaleen topagunea egingo dute maiatzaren 23an, Donostian

Bilintxi Balantxak askotariko bertso saioak antolatu ditu egun horretarako, hirian bertsolaritza bizirik dagoela erakusteko.

Bertso saio bat, 2024ko abuztuan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bertso saio bat, 2024ko abuztuan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 12a
15:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertsolaritzak badu indarra Donostian, eta horren erakusle izango da maiatzaren 23a. Izan ere, Donostiyako Bertso Potajia hiriko bertsozaleen topagunea antolatu dute lehenengoz egun horretarako. Bilintxi Balantxa bertso elkarteko kideek sustatu dute egitasmoa, bai eta askotariko ekintzak prestatu ere. Topagunearen asmoa zera da, hirian bertsolaritza bizirik dagoela erakustea. «Donostiako bertso mugimenduaren indarra erakutsi nahi dugu, eta, horretarako, bertsozaleak elkartu eta hiriko bertso ekosistema ikusgarri egin». 

Antolatzaileek diote Donostia «beti» izan dela hiri bertsozalea, baina «hamarkada luzeetan» gutxi izan direla plazan aritu diren bertsolariak. Azken 25 urteetan, baina, Donostiako bertsolaritzaren panorama nabarmen aldatu da Bilintxi Balantxa bertso elkartekoen irudiko. «1999an, hiriak ez zuen aukerarik izan Herriarteko Bertsolari Txapelketan talderik aurkezteko, eta gaur egun, berriz, hiru talde aritu dira». Diotenez, horrek agerian uzten du nolako indarra sortu den Donostian bertsolaritzaren inguruan, hala bertsolarien artean nola gai jartzaile, epaile eta antolatzaileen artean. «Gainera, Donostian jaiotako bertsolariez gain, geroz eta gehiago dira hainbat arrazoi direla medio hirian bizi eta bertso jardunean ari direnak. Auzoetan bertso eskolak, gazte eta helduentzako ekimenak eta urtean zehar antolatzen diren bertso saio ugari ere badira, eta horrek guztiak erakusten du Donostia hiri bertsozalea dela».

EGITARAUA

  • 11:00. Bertso saioak Intxaurrondo, Amara, Antigua, Aiete eta Loiola auzoetan.
  • 13:45. Bertso saioa, Bulebarreko kioskoan.
  • 14:30. Bertsopaper bazkaria Guardetxean.
  • 18:30. 'Balkoitik balkoira' bertso saioa, Bilintx kalean.
  • 19:00. Bertso pintxo-potea, Parte Zaharrean.
  • 21:00. Bertso jaialdia, Guardetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA