Ia hamar urte dira Eibarren (Gipuzkoa) sokamuturra egiteari utzi ziotela. Hastear dira herriko jaiak, sanjoanak, eta udalak iragarri du atzera baimenduko duela sokamuturra, eta aurtengo egitarauan ezarri, ekainaren 21ean, 24an eta 25ean, Untzaga plazan. Erabaki horrek, baina, hautsak harrotu ditu herrian, hainbat eragile batu baitira udal gobernuari eskatzeko bertan behera utz dezala sokamuturra. Eibarko Sokamuturra Ez taldeak deituta, elkarretaratzea egin zuten asteartean Untzaga plazan, eta berrehundik gora lagun batu ziren. Gaur arratsaldean ere mobilizazioa egingo dute plaza berean, 18:30ean. Herrian sokamuturra egitearen aurkako mozio bat ere aurkeztu dute, EH Bilduren, Elkarrekin Ahal Dugu-ren eta EAJren babesarekin. Alderdiek gaur eztabaidatuko dute auzia, arratsaldeko zazpietan egin asmo duten ezohiko osoko bilkuran.Â
«Eibarren ez dugu animalien aurkako tratu txarrik onartzen. Ez dugu bigantxen sufrimenduan oinarritutako jaialdirik nahi. Argi eta garbi diogu: ezetza ematen diogu gure jaietan sokamuturra egiteari». Hala diote Eibarko Sokamuturra Ez taldeko kideek. Atzerapausotzat daukate udalak sokamuturra berriro baimendu nahi izatea. «Ez dugu uste erabaki hau gertakari bakan bat denik. Duela urtebete, adibidez, udalak herriko zezenzaleen Pedrucho elkarteari lokal bat laga zion, eta hau beste urrats bat da bide horretan. Iruditzen zaigu sokamuturra berreskuratzea Eibarren tauromakia sustatzeko estrategiaren parte dela». Are, azaldu dute udalak «behar bezalako adostasun sozial eta politikorik gabe» hartu duela sokamuturra berreskuratzeko erabakia. «Gure ustez, errealitatea islatzen ez duten argudioak erabili ditu».

Eibarko Udalak ekainaren 21erako, 24rako eta 25erako antolatu du sokamuturra, goizeko zortzietan, haurren txokolate janarekin batera. Horrexek kezkatzen ditu Sokamuturra Ez taldeko kideak. «Zer balio transmititu nahi dizkiegu haurrei eta gazteei? Animaliei sufrimendua eragitea zilegi dela gutxi batzuen aisialdirako? Sokamuturra eta txokolate jana ordu eta leku berean eginez gero, haurrek animalien sufrimendua normalizatuko dute. Nazio Batuen Erakundeak haurrak zezen ikuskizunetara ez eramateari buruz egindako gomendioak alde batera utziko dira hala, bai eta 2030erako Agendak jasotzen dituen izaki bizidunen errespetuaren gaineko balioak ere».
Herriaren ahotsari «entzungor»
Taldeko kideek azaldu dutenez, Jon Iraola Eibarko alkateari (PSE-EE) galdetu diotenean zergatik hartu ote duen erabaki hori, zera izan da alkatearen erantzuna, gazteak urteetan eskatzen aritu direla sokamuturra jartzeko. «Alkateak behin baino gehiagotan esan du ez duela atzera egingo. Oposizioko alderdiei eta herritarren iritziari entzungor egiten die, eta bere erabakia justifikatzeko dio herriko gazteek eskatu duten zerbait dela. Hala ere, gaur arte ez du azaldu zer gaztek eskatu duen hori, ez eta zer espaziotan edo zer bidetatik egin duten eskaera hori. Udal batek gutxi batzuen nahiak lehenetsi behar al ditu? Guk badakigu mila eibartar daudela sokamuturra ospatzearen aurka».Â
Hortaz, erabakia bertan behera uzteko eskaera egin diote udalari, eta hainbat eragile batu zaizkie eskaerara: Marcan Huella, Katubeltz, Oinatz, Biziraun, AIA Aska Itzank Animaliyak, Zaunk, Matraka Eibarko talde feminista, Gipuzkoa Antitaurina, Animalien Babeserako Euskal Federazioa, ANDA Animaliak Defendatzeko Espainiako Elkartea, Tauromakiaren Kontrako Sarea eta Eurogroup for Animals, besteak beste. «Udal talde guztiei eskatzen diegu hausnartu dezatela eta ez diezaiotela babesik eman onartezina den erabaki honi. Entzun diezaiotela sokamuturraren aurka agertu den Eibarko herritarren ahotsari, herriaren ordezkari diren heinean, eibartar guztien interes orokorra defendatzea baitagokie».