Sute bat piztu da Gipuzkoa eta Araba arteko mugan, Elgeako mendilerroan, gaur goizaldean. Hain zuzen, goizeko 01:40etan piztu da sua Araba aldean, eta 03:00ak aldera pasa da Gipuzkoara, Eskoriatzari dagokion zatira. Momentuz, zortzi hektarea erre direla adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta «egoera kontrolpean» dagoela ziurtatu du Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza diputatuak, diputatuen kontseiluaren inguruko agerraldian.
Basozainak eta suhiltzaileak elkarlanean ari dira goizeko ordu txikietatik mendilerro hartako Makatzgain eta Mugarriluze mendietan, Gipuzkoakoak eta Arabakoak. Gaueko iluntasunak eta behe lainoak sua itzaltzeko lanak zaildu baditu ere, baldintza hobeak dira orain, eta Berasaluzek zehaztu du helikopteroa ere gerturatu dela ingurura. Erantsi du sastrakak eta pinudiak izan direla erre direnak.
Ez dago argi sua zerk piztu duen. Duela hilabete ere piztu zen sutea Elgeako mendilerroaren beste zati batean, aire errotetatik gertu.