Eskoriatzako EAJko udal taldeak herrian ehun bat etxebizitza publiko eraikitzea proposatu du

Zera aurreikusten dute: Santa Marina eta San Juan kaleetako lurrak erostea eta tokiko hirigintza antolamendua aldatzea, alokairuko etxebizitza babestuak eraiki ahal izateko.

Eskoriatzako udaletxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Eskoriatzako udaletxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Eskoriatza
2026ko urtarrilaren 15a
12:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskoriatzako EAJko udal taldeak herrian etxebizitza publikoa sustatzeko proposamen bat aurkeztu du asteon —udalean EH Bildu dago alkatetzan—. Esan dute «herritarren kezka nagusietako bati erantzuteko» asmoz egin dutela proposamena, «etxebizitza duina eta eskuragarria» lortzeko, alegia. Aurreikusten dutena da Santa Marina eta San Juan kaleetako lurrak erostea, bai eta tokiko hirigintza antolamendua aldatzea ere, alokairuko etxebizitza babestuak eraiki ahal izateko. Bide batez, lur azpiko aparkaleku publiko bat eraikitzeko ere baliatu nahi dituzte lanak. 

Josu Ezkurdia Eskoriatzako alderdi jeltzaleko bozeramaileari iruditzen zaio «une aproposa» dela horretarako, Espainiako Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek etxebizitza politiketara «baliabide ekonomiko handiak» bideratzea aurreikusten dutelako. «Eskoriatzan proiektu zehatz eta egingarriak planteatzen ez baditugu, trena galtzeko arriskua dago, baita dirua beste herri batzuetan inbertitzekoa ere». Hortaz, alokairurako ehun bat pisu publiko eraikitzea proposatu dute.

Udalaren ardura

Ezkurdiak dio etxebizitzaren auzia «benetako arazo» bihurtu dela askorentzat, eta uste du udalak «dagokion ardura» hartu beharko lukeela. «Gure gazteentzat benetako arazo bat da etxebizitzaren gaia; beren herrian bizitzen jarraitu nahi dute, baina ezin dira emantzipatu. Udalak arduratu behar du gure udalerriaren etorkizuna baldintzatzen duten arloetan proiektu estrategikoak bultzatzeaz».

Ekimen horrekin, Eskoriatzako alderdi jeltzaleak «herritarren eguneroko bizitza hobetu» nahi du, eta «politika erabilgarri eta errealistekin» duen «konpromisoa» bete. Hortaz, EAJko bozeramaileak udal ordezkariei horrelako jarduerak babesteko deia egin die. Izan ere, Ezkurdiak azaldu du «kalitatezko etxebizitza publiko baten aldeko apustu garbia» egiten duela bere alderdiak, «herritarrek beren gain har ditzaketen prezioetan» eta «udalerriaren orainean eta etorkizunean» pentsatzeari utzi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.