Bare dago Oiartzungo Ugaldetxo industrialdea (Gipuzkoa), nahiz eta han ohikoa izaten den ibilgailuak joan-etorrian ibiltzea, barrenak merkantziaz betetzen edota husten. Zabalik dago La Casa del Caferen biltegiko atea, eta han dira Karmele eta Iban Iriondo izeba-ilobak —Juan Iriondo eta Maria Salaberria enpresaren sortzaile izan zirenen alaba eta biloba—. Ehun urte dira euren senideek marka sortu zutela, eta zutik jarraitzen du egun.
«Nola gustatzen zaizu kafea?», galdetu dio Iban Iriondok kazetariari. Ebakia hartuko duela esan dio, eta kafe banarekin ekin diote hizketaldiari.
Arratsaldea da, eta dagoeneko itzalita daude makina guztiak, baina biltegiak berezkoa du kafearen usain goxoa, urteak eta urteak baitira La Casa del Cafe etxeak kafea han txigortzen duela. Lehenago, baina, Donostiako San Martzial kaleko 19. zenbakia izan zuten kafea txigortzeko egoitza nagusi, 1926tik 1950era. «Denborak aurrera egin ahala, txiki gelditu zen toki hori, eta familiak txigortze lantegi bat erosi zuen Pasaian», kontatu du Iban Iriondok. «1980an txiki gelditu zen hura ere, eta hona etorri ginen orduan, Oiartzunera». Denda, aldiz, San Martzial kaleko 33. zenbakian dago 2015az geroztik.
«36ko gerraren garaian, Espainiako Estatuari erosi behar zitzaion kafea. Ez zen batere kalitate onekoa, eta guk kalitatearen alde egin dugu beti»
KARMELE IRIONDOÂ La Casa del Caferen sortzaileen alaba
Enpresaren izena Juan Iriondo zenari eta haren anaia zaharrenari otu zitzaien, 1920ko hamarkadan Parisera egindako bidaia batean. «Aitaren anaia apaiza zen, eta bazekien frantsesez», azaldu du Karmele Iriondok. «Aitak kafeari buruz gehiago ikasteko egin zuen Pariseko bidaia hura, eta txigortzaile titulua ateratzeko. La Maison du Cafe izeneko negozio bat ezagutu zuen han. 'Begira, badugu gurearentzat izena: La Casa del Cafe [Kafearen Etxea]', pentsatu zuen. Horrela hasi zen dena».
1926an ireki zuten Donostiako San Martzial kaleko 19. zenbakiko denda, eta pixkanaka-pixkanaka hartu zuen ospea hirian. Arrakasta hori, baina, 36ko gerra piztearekin batera apaldu zen, Karmele Iriondoren hitzetan. «Enpresa itxiarazi egin zuten, eta ia ezinezkoa zen lehengaia lortzea. Orduan, Espainiako Estatuak zuen kafea merkaturatzeko monopolioa; beraz, hari erosi behar zitzaion. Ez zen batere kalitate onekoa, eta guk kalitatearen alde egin dugu beti».

Hortaz, kafea Portugaldik eta Frantziatik ekartzen hasi zen Juan Iriondo, bai eta ezkutuan txigortzen ere. «Beste askori bezala, aitonari ez zioten txigortze lantegia irekitzen uzten; hortaz, ezin zuen kaferik txigortu, ezta saldu ere. Baina, gizajoak nolabait bizi behar zuen, eta, horretarako, kontrabandoan ekarritako kafe horretatik pixka bat erretzen zuen, eta ezagunei saldu», kontatu du haren biloba Iban Iriondok. «Noski, kafe txigortu berriak usain handia izaten du, eta kontu handiz ibili behar izaten zen, inor konturatu ez zedin».
Karmelek oso gogoan du nola aritzen zen Donostian kafea etxez etxe banatzen, erdigunean batez ere. «‘Halako naiz, eta ez-dakit-zenbat gramo kafe nahi ditut’ esanez deitzen ziguten, eta ni bezeroen etxera joaten nintzen, haiek eskatutakoarekin». Bien bitartean, Xabier anaia txigorgailuan aritzen zen lanean, harik eta 1950eko hamarkadaren amaieran gurasoen lekukoa hartu zuen arte. Sasoi horretan, zera izan zen La Casa del Caferen mugarrietako bat: enpresa inportatzaile propio bat sortu izana beste hamar bat kafe enpresarekin batera. Arabiako alerik onenak erosten hasi ziren, Kolonbian, Costa Rican eta Brasilen ekoizten zituztenak. Orduko Espainiako Gobernuak, baina, ez zuen atseginez hartu enpresa inportatzailea sortzea. Are, hornitzaileei hitzematen zien mila tona kafe erosiko zizkiela ez bazioten kaferik saltzen inportatzaile hari.Â
Helburuei leial
Familia enpresa bat da La Casa del Cafe, negozio txiki gisa sortua eta hazteko inolako asmorik izan ez duena, bidean horretarako hamaika okasio izan baditu ere. Horixe izan du, hain zuzen ere, ehun urtez zutik irauteko gakoa. Gaur egun, Gipuzkoan, Bizkaiko kostaldean eta Nafarroako leku batzuetan egiten dute lan. «Enpresa munduan oso ohikoa ez den erabaki bat hartu izan dugu beti: hazteari uko egitea, horrek ez diezaion eragin produktuaren kalitateari. Izan ditugu handitzeko aukerak, baina inoiz ez dugu asmorik izan saltorik egiteko», esan du Iban Iriondok. «Erabakiaren zergatia ez da mugatzea izan, ofizioa ulertzea baizik». Biei ala biei iruditzen zaie kalitatezko produktua eskainiko bada ekintza eremuak txikia izan behar duela derrigor; izan ere, azaldu dute jarduera komertziala beste lurralde batzuetara zabaltzeak arriskuan jar dezakeela produktuaren esentzia.
Gainera, saltzeko ez dute nolanahiko kafea hautatzen, «kalitatezkoa» baizik. Produktua Bartzelonako portura ailegatzen da aurrena, eta zaku bat kafe hartzen dute, kalitatea Madrilgo laborategi batean aztertzeko. Behin produktua ontzat emanda, Oiartzungo txigortze lantegira bidaltzen dituzte, kamioi batean. Hemezortzi minutuan txigortzen dute kafea, eta hozten utzi gero, zazpi minutuz. «Kalitatea lehenesten dugu beste edozein irizpideren gainetik, eta, horretarako, txigortze prozesuaren alde egin dugu beti. Helburu horri lotuta jarraitzen dugu aurrera», dio Iban Iriondok.
«Enpresa munduan oso ohikoa ez den erabaki bat hartu izan dugu beti: hazteari uko egitea, horrek ez diezaion eragin produktuaren kalitateari. Izan ditugu handitzeko aukerak, baina inoiz ez dugu asmorik izan saltorik egiteko»
IBAN IRIONDOÂ La Casa del Caferen sortzaileen biloba
Izeba-ilobek diote ehun urte bete izana ez dela negozioaren amaiera, «jarraipenaren» erakusgarria baizik. «Familiaren hirugarren belaunaldiaren esku dago orain lantegia. Jatorrizko izaerari eusten diogu, eta, aldi berean, kontsumorako ohitura eta formatu berrietara egokitzen ari gara, kafea ulertzeko betiko moduari uko egin gabe».
Egun, 22 langile ari dira lanean La Casa del Cafen, eta Iban Iriondok esan du langileak ere «familiaren parte» direla, «estua» baita elkarren arteko harremana. «Gure enpresak ehun urte bete baditu, langile horiei guztiei esker bete ditu, baita Juan eta Maria nire aitona-amonei eta nire aita Xabierri esker ere».