Etxegabeen egoerari aurre egiteko «beste estrategia bat» lantzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia

Aldundiak uste du etxegabeen errealitateak «gero eta inpaktu handiagoa» duela Donostian eta biztanle asko dituzten udalerrietan, eta hortaz, «irtenbide bateratu bat» eman nahi diote.

Eider Mendoza eta Jon Insausti atzo, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Eider Mendoza eta Jon Insausti atzo, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 4a
10:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak «beste estrategia bat» prestatu du etxegabeen egoerari «lurralde ikuspegia» kontuan hartuta aurre egiteko. Eider Mendoza diputatu nagusiak atzo eman zuen estrategia horren berri, Jon Insausti Donostiako alkaterekin batera egin zuen agerraldi batean. Bi erakundeen arteko konpromiso bateratuak izan zituzten hizketagai, besteak beste. Mendozak esan zuen etxegabeen errealitateak «gero eta inpaktu handiagoa» duela Donostian eta biztanle asko dituzten udalerrietan, eta hortaz, «irtenbide bateratu bat» eman nahi diotela.

Diputatu nagusiak kontatu zuen Gipuzkoan 40.000 lagun inguru daudela pobrezia egoeran edo hala egoteko arriskuan, eta uste du «lurralde osoa aintzat hartuko duen irtenbide bat» eman behar zaiola horri.

Aurreratu zuen «datozen hilabeteetan» emango dutela argitara estrategia berria, baina hainbat datu jasotzen ari direla bien bitartean: zehazki zenbat pertsona bizi diren kalean, zer azpiegitura mota eskaini behar zaien, non... Esan zuenez, udalerri batzuetan dagoeneko badira gizarte integraziorako programak. «Eskaini nahi dugun ekipamendua askotarikoa izan daiteke. Erabiltzaileen profilaren eta erabilgarri dauden baliabideen araberako ekipamenduak aktibatuko ditugu udalerri bakoitzean, betiere eskualde eta lurralde ikuspegia aintzat hartuta».

«Koordinatuta» arituko dira

Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Donostiako alkateak atzo egin zuten bilkura horretan ez ziren etxegabeen egoerari irtenbide bat emateaz soilik aritu. Lurraldeko gai ugari eraman zituzten hizpidera, hala nola industria, berrikuntza, mugikortasuna eta zaintza politikak.

Izan ere, azken urteotan, bi erakundeek «ibilbide luzeko hainbat proiektu estrategiko» bultzatu dituzte «elkarlanean»: Mubil mugikortasun jasangarriko poloa, IBMren ordenagailu kuantikoaren instalazioa eta GI‑20 errepidearen Marrutxipiko lotura berria, besteak beste. «Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sintonia eta konpromiso komuna dugu, eta irmoki jarraituko dugu abian ditugun proiektuetan lanean, konprometituta eta koordinatuta, uste baitugu onuragarria izango dela donostiarrentzat eta gipuzkoar guztientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.