«Uztailaren emeretzia/ egun beltz ta pozoitsua/ ezagutzen zan bazatorrela/ ekaitzakin erasua/ berialaxe nabarmendu zan/ tximista gaixtoan sua/ odol gorrituz gainbera azi zan/ ujoldero Bidasua/ amaika amaren seme galdu da/ ai, seme gizagaixua!». Joseba Tapia musikariak historia izan du sarritan kantugintzarako iturri. Agur Intxorta maite diskoan, esaterako, 36ko gerran idatzitako bertsoak musikatu zituen, eta aurten 25 urte dira hura argitaratu zutenetik. Gerra piztu zeneko urteurrena ere izango da uztailean, 90.a. Hain zuzen ere, bi efemerideak gogora ekartzeko asmoz eta Tapiaren lan horretako kantuak doinutzat hartuta, dantzaldi bat egingo dute gaur, 12:35ean, Eibarko Untzaga plazan (Gipuzkoa), Eibarko Klub Deportiboak antolatutako 61. Euskal Jaiaren barruan.
Bost taldetako dantzariak arituko dira dantzan: Eibarko Kezka dantza taldekoak, Eskoriatzako Gorosarrikoak, Elgoibarko Haritzekoak, Debako Gure-Kaikoak (Gipuzkoa) eta Ermuko Txindurrikoak (Bizkaia). Tapia bera arituko da soinua jotzen, eta Arkaitz Miner (biolina), Quico Puges (biolontxeloa) eta Iraide Ansorena (perkusioa) izango ditu lagun.

Oier Araolaza Kezka taldeko kideak kontatu duenez, Juan Antonio Urbeltzek eginiko proposamen batetik abiatuz sortu zen halako ekitaldi bat egiteko ideia. «Donostiako Argia dantza taldearekin dantzatu izan gara, eta Urbeltzek orain hamar edo hamabost bat urte proposatu zigun dantzaren bat egitea Tapiaren disko horretako kanturen batekin». Hasi ziren entseguekin, baina asmoa bertan behera utzi zuten azkenerako. «Halere, gure gorputzetan gelditu ziren doinu horiekin ikasi genituen mugimendu eta forma batzuk, eta pentsatu genuen gerraren urteurrena aitzakia polita izan zitekeela ekinaldi horri berriro heltzeko». Bai eta heldu ere. Entseatu eta entseatu aritu dira denbora batez, eta Araolazak esan du «bide zoragarria» izan dela. «Ez dakit nola aterako den emanaldia, baina bideak merezi izan du».
«Dantzaldia ez dugu emanaldi gisa aurkeztu nahi, ezta erromeria gisa ere; erdibideko kontu bat da, jendea dantzara animatzeko egina»
OIER ARAOLAZA Dantzaria
Hirurehun bat dantzari aterako dira dantzara, eta Agur Intxorta maite-ko lau kantu dantzatuko dituzte aurrena, irradaka, borobilean. Dantzariak kontatu du dantza molde hori dela Urbeltzen estiloa. «Kantuz, taldean eta borobilean egiten diren dantzak dira irradaka egiten direnak. Urbeltzek dio dantza modu horretan egiteak asko duela gutasunetik, komunitatetik, kolektibotik. Borobil batean dantzatzen garenean, erdira begira jartzen dugu gorputza, elkarri begiratzen diogu, eta gorputz kolektibo bat sortzen dugu denon artean. Ariketa ikaragarri kohesionatzailea da».
Beste kantu batzuk dantzatuko dituzte ondotik, «jolaserako» izango direnak, Araolazaren hitzetan, nahi duena dantzatu dadin. «Dantzaldia ez dugu emanaldi gisa aurkeztu nahi, ezta erromeria gisa ere; erdibideko kontu bat da, jendea dantzara animatzeko egina».
Gerraren arrastoa
Araolazak kontatu du 36ko gerrak «arrasto sakona» utzi zuela Eibarren eta inguruetan, fronteak zazpi hilabete egin baitzituen han. «Intxorta, Akondia, Kalamua eta inguruko mendi, baserri eta auzoetan hondamen latza ekarri zuen gerrak, eta betiko markatu zituen bai hori bizi eta sufritu zutenak bai haien ondorengoak». Hori dela eta, ingurukoekin maiz aipatu izan du Agur Intxorta maite diskoa. «Historia liburuak historialariek eta akademikoek egiten dituzte, eta hala behar du, noski, baina diskoko hitzek bestelako begirada bat eskaintzen dute, gertukoagoa, gerra hori sufritzea tokatu zitzaienen ahotsa sentiarazten baitute, eta askoren barrenak mugiarazi».
Abestion hitzak Koldo Izagirrek jaso zituen, Tapiak musika jar ziezaien. «Kantu hauetako batzuk abestuak izan ziren bere garaian. Zoritxarrez, oso gutxiren doinua heldu zaigu», dio Izagirrek diskoak barnean dakarren liburuxkan. Uste du «kanturik gabeko guda» izan zela 36koa, harik eta Tapiak Agur Intxorta maite ondu zuen arte. «Herri baten duintasuna ezagutarazi digu gerraurreko eskusoinuak erabiliz, aldian garratz, aldian gozo, beti hunkigarri».
Araolazak esan du «desagerrarazi nahi izan zuten kulturaren eta herriaren memoria aldarrikatzeko asmoz» dantzatuko direla. «Kantuen hitzetan kontatzen diren bizipenak, tragediak eta komeriak dantzan jarriko ditugu. Musikaren, kantuaren eta dantzaren bitartez agertuko dugu ez dugula ahaztuko gure herria suntsitu zuen gerra ankerra».