Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Zainduz abiatu du, lurraldean baliabide eta azpiegitura sozialen eraikuntza eta egokitzapena sustatzeko sozietate publikoa. Tresna horrek modua emango du Urola Kostan, Urola erdialdean, Debabarrenean eta Buruntzaldean ekipamenduak eraikitzeko. Eider Mendoza diputatu nagusiak uste du Gipuzkoa Zainduz-ek bide emango diola «sistemaren ahalmena handitzeari» eta «aukerak ugaritzeari».
Foru aldundiaren arabera, hiru gipuzkoarretik batek 60 urte baino gehiago ditu, eta mendekotasuna duten adinekoen kopurua %26 handituko da lau urtean. Hain zuzen ere, errealitate horri erantzuteko jaio da Gipuzkoa Zainduz. Mendozak esan du lurraldeko zahar etxeetan 757 plaza sortuko dituztela 2030. urtea baino lehen. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura eta konpromisoa da zaintza beharra duen pertsona orok gaur eta bihar kalitatezko zaintza bermatua izatea, pertsonalizatua eta komunitateari irekia. Helburu hori gauzatzeko erabaki ausartak hartu behar ditugu, tresna berritzaileak aktibatzeko. Tresna eraginkorra eta partekatua da Gipuzkoa Zainduz, gaurko eta biharko zaintza beharrei elkarlanaren bidez erantzuteko balioko duena».
Horrenbestez, datozen hilabeteetan, «egoitza estaldura txikiena duten eskualdeetan» sozietate mistoak eratzeko lehen deialdiak onartuko ditu foru aldundiak, hala nola Buruntzaldean, Debabarrenean, Oiartzualdean, Tolosaldean, Urola Garaian eta Urola Kostan. «Tresna malgu bat da Gipuzkoa Zainduz, zainketa eredu osoa trantsizio betean baitago. Gardentasunean eta gainbegiratze publikoan oinarrituta dago, eta gizarte zerbitzuen mapa osatuko du egun bizi dugun gizartearen zahartzearen testuinguruan. Anbizio handiko zerbaiti buruz ari gara, hobeto egin nahi baitugu. Egoitza batera sartzeko itxaron zerrenda murriztu behar dugu, eta eraikuntza prozesua bizkortu». Bien bitartean Gipuzkoan martxan dauden 65 egoitzetan berrikuntzak egiten ari direla jakinarazi du Mendozak.
«Anbizio handiko zerbaiti buruz ari gara, hobeto egin nahi baitugu. Egoitza batera sartzeko itxaron zerrenda murriztu behar dugu, eta eraikuntza prozesua bizkortu»
EIDER MENDOZA Gipuzkoako diputatu nagusia
Diputatu nagusiak legealdiaren hasieran esan zuen aldundiak «epe luzeko begiradarekin» egingo zuela lan, eta, dioenez, «buru-belarri» ari da horretan. «Etorkizuneko gizarte beharrei erantzuteko garaian aurrerakoiak izango ginela esan genuen, eta hitza betetzen ari gara. Antizipazioa, berrikuntza eta elkarlana sustatu nahi ditugu, pertsona guztien ongizate integrala zaintzeko».
Jose Ignacio Asensio diputatuorde nagusiak adierazi du pertsonen zaintza dela aldundiaren konpromiso nagusia, eta horixe berresten duela Gipuzkoa Zainduz sortu izanak. «Bultzada berri bat eman behar diegu gizarte politikei, eta zainketen eredu berri bateranzko trantsizioa egin behar dugu».
Eredu pertsonalizatua
Mendozak jakinarazi du Gipuzkoa Zainduz sozietatea forala izango dela oso-osorik, eta aldundia izango dela bazkide bakarra. «Tresna inbertitzaile eta operatibo gisa funtzionatuko du, kapital soziala eta komunitarioa erakartzeko gai izango dena, bai eta sozietate mistoak sustatzekoa ere». Aldundiaren hasierako ekarpena 51 milioi eurokoa izango da, eta, horri esker, inbertsio osoko ehun milioi euro inguru mobilizatu ahal izango dira 2025 eta 2029 bitartean, sei sozietate misto eratuz.
Tresna berriaren helburua da arreta «tradizionala» eskaini ordez zaintza eredu pertsonalizatuagoa ematea, «ingurunearekin lotura zuzena» izango duena eta «pertsona bakoitzaren autonomian eta bizipenetan oinarrituta» egongo dena. Hain zuzen, ikuspegi horretara egokitutako azpiegiturak sortzea erraztuko du Gipuzkoa Zainduz-ek, «gune pertsonalizatuagoak» sustatuz —unitate txikiak, banakako gelak eta elkarbizitza eta egunerokotasuna errazteko diseinatutako espazio partekatuak—. «Arreta premien gorakadari erantzuteaz gain, hurbiltasunean, erantzukidetasunean oinarritutako zaintza sistema bat finkatzeko modua ere emango du», esan du diputatu nagusiak.