Abian da Itsaso eta Angiozar toki erakunde txiki izendatzeko prozesua. Izan ere, asteon, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bide eman diote udal barrutien foru araua aldatzeari. EH Bilduk eta EAJk aurkeztu dute proposamena, eta gainerako batzarkideek aho batez babestu dute. Planteamendu horretan jasotzen denez, 1960ko hamarkadan «biztanleen borondate demokratikoa kontuan hartu gabe» beste udalerri bati batu zitzaizkien herriek ez dituzte gutxienez bostehun biztanle izan beharko toki erakunde txiki gisa eratzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Itsasoren eta Angiozarren egoera —egun Ezkio udalerriaren barruan dago lehena, eta Bergarako auzo bat da bigarrena—. Batzar Nagusiek asteazkenean onetsi zuten tramitazio faseari ekitea, eta han izan ziren Bergarako eta Ezkio-Itsasoko alkateak eta udal ordezkariak, bai eta Itsaso eta Angiozar desanexionatzearen aldeko plataformetako kideak ere.Â
«Guretzat, inportanteena da kudeaketa ahalik eta gertukoena izatea, horrek aukera ematen baitu baliabideak hobeto kudeatu ahal izateko»
GORKA SASIETA Itsasoko zinegotzia
Zelai Amenabarro EH Bilduko batzarkideak esan du «eskaera historiko» bati erantzuten diola Itsaso eta Angiozar toki erakunde txiki izendatzeko prozesua abiatu izanak. «Besteak beste, eguneroko kudeaketa erraztuko die, eta autonomia handiagoa eman». Esan du bere alderdiak «ilusioz» begiratzen diola hastear den tramitazio faseari, lurraldeko hainbat auzo eta herri aldaketa horren zain daudelako. Uste du foru araua aldatzeak egoera berean dauden herriei bidea ireki diezaiekeela. «Txalotzen dugu EAJk ere aldaketa proposamena aurkeztu izana, eta beraz, Gipuzkoako bi alderdi nagusiek elkarrekin egin ahal izatea foru araua aldatzeko urratsa».Â
Ezkio eta Itsaso bi udalerri ziren orain hirurogei urte baino gehiago, harik eta frankismo garaian udalerri bakarra bihurtu zituzten arte. Gorka Sasieta Itsasoko zinegotziak esan du 2014. urtean jarri zutela abian berriz udalerri bihurtzeko prozesua. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso genuen, baita Itsasoko herritarrena ere. Horrek modua eman zuen 2016tik 2020ra Itsasok udalerri modura funtzionatzeko». Azaldu duenez, Itsaso toki entitate txiki izendatzeak aukera emango die «antolaketa modu bat finkatzeko», bai eta «hainbat deialditara auzo udal moduan» aurkezteko ere. «Herritarren proiektuak gauzatzeko modua ere emango digu. Guretzat, inportanteena da kudeaketa ahalik eta gertukoena izatea, horrek aukera ematen baitu herritarron inplikazioa handitzeko eta baliabideak hobeto kudeatu ahal izateko».
Aurrerantzean, «zuhurtziaz»
Angiozar Bailarako Batzarreko kideentzat, arau aldaketak «berebiziko garrantzia» du, «aspalditik» ari baitira entitate txiki izateko borrokan. «Ereñotzuk eta Itziarrek beren entitate txiki izatea lortu aurretik gabiltza nortasun juridiko autonomoa eskuratu nahian, eta, foru arauaren moldaketa eginda, lehendabizikoz onartuko zaigu hori». Azaldu dute beti izan dutela antolaketa administratibo eta politiko «berezi» bat. «1977az geroztik, bailarako alkatea eta auzoetako ordezkariak izendatu izan ditugu, gainerako administrazioen aurrean ordezka gaitzaten».Â
«Burujabe sentituko gara orain arteko ekinaldien buruan joateko; etorriko den edozer ona izango da Angiozarrentzat eta Bergararentzat»
ANGIOZAR BAILARAKO BATZARRA
Adierazi dute «nekeza» izan dela toki entitate txiki izendatzeko prozesua abiatu arteko bidea, «etsitzeko modukoa», baina «oso pozik» daude lortu dutelako. «Zuhurtziaz» jokatu nahi dute aurrerantzean, prozesua «luzea» eta «astuna» izango delakoan. «Uste dugu, foru arauan jasotzen den bezala, Bergararekin adostuko dugun estatusak alde bientzako izan behar duela onuragarri. Oinak lurrean ditugu, eta ez dugu handikeriarik edota neurriz kanpoko eskakizunik. Gure etorkizunari itxaropenez heldu nahi diogu, besterik ez».
Batzarreko kideek «bailararen etorkizuna bermatuko duten oinarrizko politikak» garatu nahi dituzte aurrerantzean, eta azaldu dute horretarako oinarrizko baliabide batzuk baino ez dituztela. «Bergarako Udalak berak kudeatuko dizkigu baliabide batzuk, baina ez dugu arazorik horretarako. Burujabe sentituko gara orain arteko ekinaldien buruan joateko, eta ez beti atzetik. Oraindik ez dakigu zer etorriko den aurrerago, baina etorriko den edozer ona izango da Angiozarrentzat eta Bergararentzat».Â