Ilunean dagoena argitara ateratzea nahi dute Jasotako Haurrak Gipuzkoako elkarteko kideek. Gipuzkoako Foru Aldundiak gordeak ditu haien senitartekoen hainbat artxibo, baina orain arte ez diete dokumentuok eskuratzeko baimenik eman, azaldu baitie utzitako haur izandakoek soilik eska dezaketela gurasoei buruzko informazioa. Elkarteko kideek Arartekora jo zuten laguntza eske, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere izan ziren martxoan. Elkartearen eskaerak Batzar Nagusietako alderdi guztien babesa jaso du gaurko osoko bilkuran, eta batzarkideek diputazioari eskatu diote harreran hartutako haurrei aukera eman diezaiela arbasoen artxiboak eskuratzeko.
Elkartea orain lau bat hilabete sortu zuten, baina hango kideek urteak eta urteak daramatzate arbasoen aztarnen bila. Zera dute helburu: XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendearen erdialdera arte «Gipuzkoako ongintza sistemak hartu zituen milaka haurren estigma sozial eta historikoa deuseztatzea, eta haien jatorri biologikoaren bilaketan laguntzea». Haur horien ondorengoak batu nahi dituzte hala, elkar babesteko. «Badakigu kasu guztiak ez direla berdinak, baina indarrak batzea eta antolatzea da gure asmoa, erakundeek gordetzen dituzten espedienteak legez eskuratu ahal izateko», azaldu zion aurreko hilean Karmele Agirrezabala Jasotako Haurrak elkarteko kideak BERRIAri. «Harreran hartutako haurren eta haien ama biologikoen memoria historikoa eta soziala leheneratu behar ditugu, eta, horretarako, beharrezkoa da haien inguruan oraindik ere badiren tabuak eta estigma haustea».Â
Arartekoaren babesa lortu zuen eskaerak; izan ere, Arartekoaren irudiko, haur horien dokumentuek dagoeneko Gipuzkoako Artxibo Orokorrean egon beharko lukete. Nolanahi ere, artxibook Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte eta Politiketako Sailak kudeatzen ditu, eta, beraz, taldeak foru erakundearen babesa ere beharko luke datuok eskuratzeko. Elkarteko kideak Batzar Nagusietako alderdi guztiekin bildu ziren martxoan, eta azaldu zieten dokumentu horiek eskuratzeko zuten premia. Orain batzarkide guztien babesa dute, eta diputazioaren erantzunaren zain dira.