Gipuzkoako EH Bilduk uste du EAJk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak ez duela sinesgarritasunik

Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak uste du EAJk eta PSEk azken egunotan izandako desadostasunen ondorioz lurraldea «desgobernu egoeran» dagoela.

(ID_14512814) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-12-13, Donostia. Aurrekontu eztabaida Gipuzkoako Batzar Nagusietan, irudian Maddalen Iriarte...
Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea, iaz, Batzar Nagusietan. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 6a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutxa fundazioak Ayesaren adar teknologikoa ez erosteko erabakia hartu zuen abenduan, eta hautu horrek eztabaida piztu du asteon Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Izan ere, EH Bilduk eta PSEk zera eskatu diote Foru Aldundiari: Gipuzkoak «erabakitzeko ahalmena» izan dezala Ayesa enpresaren erosketan, eta bultza dezala Kutxa fundazioaren parte hartzea erosketa horretan, lurraldean «errotuta» egoten jarrai dezan. Eskaerak PPren babesa jaso du; Elkarrekin Ahal Dugu eta alderdi jeltzalea kontra agertu dira.

Auzi horrek «desadostasuna» eragin du foru gobernua osatzen duten bi alderdien artean —EAJ eta PSE—, eta Maddalen Iriarte EH Bilduko batzarkideak gaur hedabideen aurrean egindako agerraldi batean esan du ez dela bi alderdi horiek bat ez datozen lehen aldia. «Ayesaren operazioaren harira sortutako tirabirek, Pasaiako portuari lotutako desadostasunek eta etxebizitza politikaren inguruan ikusitako talkek erakusten dute gobernu bikoteak ez duela norabide argirik». Hargatik, uste du bi alderdi horien arteko tirabirek «desgobernu egoerara» eraman dutela lurraldea.

Gainera, iruditzen zaio foru gobernuak ez duela sinesgarritasunik, eta herritarren beharrei bizkarra ematen ari dela. «Interes partikular eta alderdikoiei begira ari dira, Gipuzkoarentzako proiektu bateraturik gabe».

Hortaz, aspaldi «agortuta» dago «PNV-PSE eredua», Iriarteren hitzetan. «2023ko udal eta foru hauteskundeetan, EH Bildu gehien bozkatutako indarra izan zen Gipuzkoan. Ezker subiranistak orduan ohartarazi zuen PNV-PSE eredua agortuta zegoela. Eta, hain zuzen, eurek lortutako emaitzekin nahikoa ez zutenez, PPren babesarekin eutsi zioten botereari. Bistan da helburu horrek baldintzatutako gobernu akordioak gero eta kontraesan gehiago dituela».

EH Bilduren arabera, egoera horrek «lidergo falta» eta «desgobernua» islatzen ditu, eta esan dute Gipuzkoak «egonkortasuna», «norabide argia» eta «herritarren beharrei erantzuten dieten politika publikoak» behar dituela. Beraz, Iriartek esan du EH Bildu prest dagoela «Gipuzkoak behar duen norabide aldaketa sustatzeko» eta «herritarren ongizatea erdigunean jarriko duen gobernantza eredu berri bat» sortzeko. «Konfrontazioak kolaborazioari utzi behar dio lekua. Aurrean ditugun erronkei politika ausart eta partekatuen bidez erantzun behar zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.