Gipuzkoako Foru Aldundiak %10 handituko du aurrekontua, 1.433 milioi euroraino

Asmo nagusien artean ditu lau zahar etxe eraikitzea, herri txikietan 52 etxebizitza sustatzea eta Aritzetan suhiltzaile parke bat egitea.

Jose Ignacio Asensio, Eider Mendoza eta Itziar Agirre, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Jose Ignacio Asensio, Eider Mendoza eta Itziar Agirre, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 29a
17:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urteko aurrekontu orokorren proiektua aurkeztu du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurrekontuek «jauzi bat» islatzen dutela nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak; izan ere, 2027ko aurrekontuen proiektua 1.433 milioi eurokoa da, aurtengoa baino %10 handiagoa. Mendozak nabarmendu du proiektu estrategikoak garatzeko aukera ematen dutela eta proiektu horietako batzuk izendatu ditu. Besteak beste, esan du lau zahar etxe egingo dituztela, Gipuzkoako «herri oso txikietan» 52 etxebizitza sustatuko dituztela eta Aritzetan egoitza berria izango dutela suhiltzaileek.

«Gipuzkoaren gihar ekonomiko eta soziala indartzea helburu dute aurrekontuek», adierazi du Mendozak. Hiru lehentasun nagusitan jarri du arreta diputatu nagusiak: etorkizuneko zaintza bermatzea, egungo industrian arreta jartzea «lehiakorra» izaten jarraitzeko, eta klima aldaketari aurre egiteko tresnak sendotzea. 

Zaintzari dagokionez, datorren urteko aurrekontuaren ia erdia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zainketen eta Gizarte Politiken Departamentura bideratu nahi dute; zehazki, 687 milioi euro izango dira, aurten baino 89 milioi gehiago (+%14,9). Diru horren parte bat lau zahar etxe egiteko erabiliko dute, Deban, Donostian, Urola Kostan eta Buruntzaldean. Gainera, 72 milioi euro jarri nahi ditu beste lau zentro berritzeko: Berio (Donostia), Egogain (Eibar), Santa Ana (Zarautz) eta San Juan (Zumaia). Sail horretan, hamazazpi milioi euro jarriko dituzte osasun mentaleko arazo larriak dituztenei laguntzeko.

Industriaren inguruan ere hitz egin du Mendozak. Ekonomia Sustapenaren eta Proiektu Estrategikoen Departamentuari 82 milioi euro eman nahi dizkiote datorren urtean, aurten baino sei milioi euro gehiago. Enpresa txikiek eta ertainek 32,5 milioi euroren diru laguntzak izango dituzte. Proiektu «esanguratsuak» ere aipatu ditu; besteak beste, lau milioi eurorekin Biofoundry biozientzia gunea sustatuko dute Irungo aduana eraikinean, eta Mubil mugikortasun jasangarriko zentroa handitzeko eraikin berri bat egin nahi dute, 6,2 milioi euro jarrita. 

Proiektu gehiago ere nabarmendu ditu Mendozak. Besteak beste, esan du «herri oso txikietan» 52 etxebizitza eraikitzea sustatuko dutela, eta 13,5 milioi euro bideratuko dituztela, datorren urtetik 2030era arte, Aritzetan (Usurbil) suhiltzaile etxe bat egiteko.

Batzar nagusietara

Goizeko aurkezpenaren ondotik, eguerdian Batzar Nagusietara joan da Mendoza aurrekontu proiektua ematera. Erakunde horretan ez dute gehiengorik foru gobernua osatzen duten bi alderdiek —boto bat falta zaie EAJri eta PSE-EEri—, eta, horrenbestez, gutxienez beste talde baten adostasuna beharko dute aurrekontuek. Mendozak onartu du hauteskunde garaian egotea ez dela «hoberena» akordioak egiteko, baina baikor agertu da: «Konbentzituta gaude oposizioko alderdi politikoak prest egongo direla ados jartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak lan handia egingo du adostasun horietara iristeko, gaur egun arte egin duen bezala». 

Hain zuzen ere, EH Bilduk adierazi du «arduraz» jokatuko dutela, aurrekontuen proiektuaren letra txikia aztertuko dutela, eta proposamenak aurkeztuko dituztela lehentasunezkotzat dauzkaten arloetan.

«Mundua ziurgabetasunez beteta dagoen garai batean, gure lurraldean ekonomia ondo dago»

EIDER MENDOZA Gipuzkoako ahaldun nagusia

Bere aurkezpenean, Gipuzkoako ekonomia ondo dabilela nabarmendu du Mendozak: «Mundua ziurgabetasunez beteta dagoen garai batean, gure lurraldean ekonomia ondo dago. Horrek ahalbidetzen du urtez urte baliabide ekonomikoak handitzea, besteak beste, zerbitzu publiko egokiak eskaintzeko, eta etorkizunera begira anbizioa izateko arlo ekonomikoan eta sozialean». 

Bi datu nabarmendu ditu Mendozak. Batetik, Gipuzkoan langabezia tasa %5etik behera dagoela, eta hori «orain arteko daturik hoberena» dela. Bestetik, esan du lurraldeko enpresen salmentak %3,5 handitu direla, eta datu hori «oso ona» dela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA