Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteetako enplegu publikoko azterketen «deialdirik handienetako bat» egingo du datorren asteartean, maiatzaren 26an, Irungo Ficoba erakustazokan. 2.000 bat lagun deitu ditu azterketa egitera, eta 96 lanpostu daude jokoan; horietatik 68 suhiltzaile izateko dira.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak esan du deialdia «urrats garrantzitsu bat» dela diputazioarentzat, «langile berriak modu mailakatuan eta egonkorrean sartzeko» modua emango baitu, bai eta erakundeak gaur egun duen erronka «handienetako» bati erantzutekoa ere. «Zera bultzatu nahi dugu: plantillaren belaunaldi erreleboa eta enplegu publikoa sendotzea. Modu planifikatuan eta ordenatuan ari gara erronka horri erantzuten».Â
Berasaluzek jakinarazi du azterketak bi txandatan egingo direla: bata 10:30ean eta bestea 13:30ean. Lehenengorako 1.629 hautagai daude deituta, eta askotariko langileei bideratuta dago, hala nola garbiketakoei, jantokikoei, gidariei, ingurumen langileei, sukaldari laguntzaileei eta foru suhiltzaileei. Bigarrengorako, berriz, 353 lagun deitu dituzte, eta azterketa horretan, instalazioetako teknikari laguntzaile, laborategiko teknikari laguntzaile eta zerga agente izateko lanpostuak egongo dira jokoan. Azterketa gainditu eta posturik lortzen ez dutenak dagozkien lan poltsetan sartuko dira.
Foru bozeramailearen esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 23 deialdi ditu abian; guztira, 194 lanpostu. Gainera, aurreratu du beste hemezortzi deialdi onartuko dituztela aurten. «Aldundia ziklo aldaketa betean dago orain: hemendik hamar urtera, lantaldearen ia erdiak erretiroa hartuko du, mila lagun inguruk». Hortaz, iruditzen zaio «ezinbestekoa» dela «berrikuntza planifikatua eta ordenatua» bermatzea, bai eta «profesional berriak modu egonkorrean» sartzea ere.