Goizane Alvarez Gipuzkoako Kirol diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertuko da, berak hala eskatuta, 2025-2026ko ikasturterako Eskola Kirola programaren izen emate datuen berri emateko eta gaur egungo egoeraren analisi xehea aurkezteko. Diputatuak esan du Eskola Kirola «une erabakigarrian» dagoela. Izan ere, orain arte, Gipuzkoan, 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin nahi bazuten, ezinbestean eman behar zuten izena eskola kirolean, baina urte hasieran indargabetu zuten neurri hori. Alvarezek dio foru aldundiak bildutako lehen datuek erakusten dutela «beherakada nabarmena» izan dela inskripzioetan. «Egoera honek zalantzan jar dezake gure eredua, kirolaren eta gizartearen garapenean eredugarri izan dena».
Nolanahi ere, lehen argazkia besterik ez da hori. Kirol diputatuak aurreikusi du urriaren erdialderako izango dituztela lurralde osoko datuak. Aurreratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentua «egoera berrira egokitzeko lanean» ari dela, «sortu daitezkeen arrakalak zuzentzeko» eta «haur eta nerabe guztiek euren gustuko kirola praktikatzeko aukera dutela» bermatzeko. «Datuak arretaz aztertzen ari gara, eta irtenbiderik onenaren bila ari gara hainbat eragilerekin. Eskola kirolak jarraitu behar du parte hartzea eta kirol aniztasuna sustatzen, horrek bihurtu baitu Gipuzkoa oinarrizko kirolean eredugarri».