Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkarrekin Ahal Dugu-ko batzarkideen botoei esker atera ditu aurrera 2026rako aurrekontuak. EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko; hortaz, beste alderdiren baten babesa behar zuten. Iaz, PPren babesarekin onartu zituzten 2025erako aurrekontuak, eta, aurten, Elkarrekin Ahal Dugu-rekin egin dute akordioa. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1.296 milioi euroko aurrekontua onetsi dute, «lurraldearen historiako handiena eta sozialena». Aurrekontuaren ia erdia adinekoak zaintzeko baliatuko dute. PPk eta EH Bilduk ez dute bat egin onartutakoarekin.Â
Gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdiek datorren urtean indarrean sartuko den aurrekontu proiektua defendatu dute hitza hartzean. Ianko Ganboa EAJko batzarkideak azaldu du «arduraz» diseinatuta dagoela. «Aurten baino 78 milioi gehiago izango ditugu, eta aurrekontuen ia erdia zaintzarako izango da». Jesus Zaballos PSEko bozeramaileak ontzat jo du Elkarrekin Ahal Dugu-k akordioa lortzeko erakutsi duen «borondatea», eta EH Bilduri egotzi dio bat egin ez izana.
Miren Etxebeste Elkarrekin Ahal Dugu-ko batzarkideak esan du bere alderdiak jarritako neurriei esker «hobetu» egin dela hasierako proposamena. «Konpromiso irmoak hartu ditugu funtsezko alorretan sakontzeko, hala nola zaintzan, berdintasunean, mugikortasun iraunkorrean, etxebizitza publikoan, ingurumenaren zaintzan eta babesean, eta nazioarteko lankidetzan». Horregatik, uste du bere alderdiak lortu duela aldundiaren politikak «ezkerrerantz» eramatea. «Duela urtebete baino gutxiago Elkarrekin Podemosekoek foru gobernuaren politikak ezkerrerantz ekartzeko lanari ekin genion, baina atzera egin genuen, bagenekielako erabaki behar genuela nola bildu behar genuen zerbitzu publiko onak emateko adina diru». Etxebestek dio Gipuzkoako beharrei erantzuteko lanak bere fruituak eman dituela aurten. «Herritarrentzako hobekuntza nabarmenak eta gizarte eta lurralde kohesioa aurreikusten dituen aurrekontu bat onartu berri dugu».Â
Zaintza politiketan «atzera»
EH Bilduren ustez, Gipuzkoarako onartu berri diren 2026ko aurrekontuek «atzera» egiten dute zaintza politiketan. «EAJk, PSEk eta Elkarrekin Gipuzkoak adostu dute guztira hamar milioi kentzea kolektibo zaurgarrienen zaintzatik», esan du Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak. «Foru Gobernuak biderik errazena hartu du aurrekontuak onartzeko garaian, eta akordio merkea erdietsi. Hortaz, gobernuak galdu egin du gipuzkoarrentzat aurrekontu hobeak onartzeko aukera». Azaldu du datorren urterako onartu dituzten aurrekontuak ez dutela sakontzen «ezkerreko politiketan».
Izan ere, EH Bilduri alderdiari iruditzen zaio foru gobernuak aurrekontuok «inoizko sozialenak izango balira bezala» aurkeztu baditu ere ez direla hala: «EAJk, PSEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k adostu dute zazpi milioi euro kentzea adin txikikoen zaintzatik, eta hiru milioi euro adinekoak etxean zaintzen dituzten familientzako diru laguntzetatik. Guztira hamar milioi euro kendu dira kolektibo zaurgarrienen zaintzatik. Horrek agerian uzten du foru gobernuak gizarte babesaren inguruan duen benetako borondatea».
Gainera, Elduaienek esan du EH Bilduri «negoziazioetarako atea itxi» zaiola, nahiz eta koalizio subiranistak «prestasun osoa» erakutsi. «Aurrekontu hau bestelakoa izan zitekeen aurretiaz lanketa zintzo bat egin izan balitz, baina aldundiak ez du horretarako borondaterik izan, hasieratik aukeratuta baitzeukan aurtengo bazkidea. Biek bat egin dute: baten goseak eta bestearen jateko gogoak». Beraz, adierazi du Gipuzkoako EH Bilduk «herritarrentzat onuragarriak diren neurri egingarrien alde» jardungo duela.