Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune berri bat eraikiko du AP-8an, Galarreta parean (Hernanin). Lotune berriak Donostiak Miramonekin, ospitaleekin eta Hernanirekin dituen loturak hobetu nahi ditu, bai eta GI-20 errepidea, ospitaleetarako igoera eta Errekalde-Galarreta errepidea arindu ere. Hala, eremu horren «segurtasuna eta arintasuna hobetu» asmo ditu aldundiak, trafikoa «baretu» egingo baita intentsitate handiko zenbait gunetan. Foru erakundeak 15 milioi euro inguru jarriko ditu proiektu horretan.Â
Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak egina du lotune hori eraikitzeko lehen urratsa: eraikuntza proiektua idazteko lizitazioa ateratzea. Felix Urkola foru diputatuak aurreratu du, ziurrenean, udazkenetik aurrera hasiko direla proiektua garatzen, eta bi urte barru izango dela erabiltzeko moduan.
Urkolak jakinarazi du lotune berriak hainbat bide arintzeko modua emango duela, bai eta Donostiaren eta Hernaniren arteko lotura hobetzekoa ere: «Gaur egun GI-20 errepideak, ospitaleetarako igoerak eta Errekalde eta Galarreta arteko GI-2132 errepideak jasaten duten trafiko karga gutxitzeko balioko du, baita Martuteneko biribilgunea lasaitzeko ere. Gaur egun gune horietan biltzen diren mugimendu asko sarbide berriaren bidez bideratuko dira, eta eremu osoan zirkulazio ordenatuagoa eta seguruagoa lortzen lagunduko dute». Are, foru diputatuari iruditzen zaio lotuneak mesede egingo diela egunero parke teknologikora, ospitaleetara eta Hernaniko Galarreta eta Estubegi enpresara sartzen diren ikasle eta langileei». Proiektuan, gainera, aurreikusi dute Miramonera joateko bidegorriaren jarraipena eta oinezkoentzako ibilbide bat prestatzea, «mugikortasun jasangarriko alternatibak sustatzeko» eta «ingurunearen integrazioa indartzeko».