Gipuzkoako Foru Aldundiak Marian Azpirozi eman dio Carmen Adarraga saria

Epaimahaiak «aitzindari eta erreferente gisa egindako ibilbide bikaina» saritu du. Martxoaren 11n izango da saria emateko ekitaldia, Donostian.

Marian Azpiroz, Donostian. BERRIA
Marian Azpiroz, Donostian. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 20a
15:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak urtero banatzen du Carmen Adarraga saria, Kirolaren munduan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko lana aitortu asmo duena. Aurtengo aldiak dagoeneko badu irabazlea: Marian Azpiroz, Pukas markaren sortzaileetako bat. «Gure lurraldeko eta Espainiako surfaren historian funtsezko figura da», dio foru erakundeak hedabideei igorritako ohar batean. Saria emateko ekitaldia martxoaren 11n izango da, 18:00etan, Donostiako Kirol Etxean.

Epaimahaiak «aitzindari eta erreferente gisa egindako ibilbide bikaina» saritu dio Azpirozi. Izan ere, epaimahaiaren hitzetan, 1970eko hamarkadan «zeregin erabakigarria» izan zuen surfa profesionalizatzeko. «Orduan hasia zen surfa ezagutzen, eta enpresa ikuspegia eman zion, bai eta Gipuzkoa surfaren nazioarteko mapan kokatzeko ekarpen handia egin ere». Azpirozek «oinarritik» ekin zion surfaren garapenari, eta 1970eko hamarkadan «taulen artisau fabrikazioaren lehen urratsetan» parte hartu zuen. Pukas tailer lanetan hasi zen, eta «nazioarteko erreferente» bilakatu zen gerora: han egindako taulak munduko txapeldunek erabili izan dituzte.

Hainbat andrek irabazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte banatutako Carmen Adarraga saria, hala nola Marta Funesek, Coro Fuentesek, Mari Aiestaranek, erraketistek, Nieves Alzak, Arantza del Puertok, Carmen Diez Mintegik, Azu Muguruzak, Garbiñe Etxeberriak eta Tati Garmendiak. «Guztiak izan dira erreferente», esan du foru erakundeak. «Aldaketa garrantzitsuak bultzatu dituzte kirolaren historian eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.