Urte eta erdi baino gutxiago falta da foru hauteskundeetarako, eta Gipuzkoako Soziometroak aztertu du herrialdeko Batzar Nagusietarako hauteskundeak orain egingo balira zer aldaketa gertatuko liratekeen, egungo osaketarekin alderatuz gero. Inkesta horren arabera, EH Bilduk irabaziko lituzke berriro foru hauteskundeak, eta 23 eserleku bildu lituzke —orain 22 ditu—. EAJk, berriz, 18 batzarkide lortuko lituzke, orain baino bat gehiago. Jeltzaleek PPren kontura lortuko lukete eserleku hori. Soziometroaren arabera, handitu egingo litzateke EH Bilduk eta EAJk botoetan duten aldea.
PSE-EEk, berriz, 2023ko bozetan eskuratu zuen emaitza bera izango luke orain: zazpi batzarkide. Eta, hala, foru aldundia osatzen duen bikoak ez luke gehiengorik izango, orain gertatzen den antzera. Bien babesa handitu egingo litzateke eserleku bat gehiagorekin, baina, hala ere, beste alderdi baten sostengua beharko lukete gobernua eskuratzeko eta zenbait neurri aurrera ateratzeko; aurrekontuak onartzeko, adibidez. 51 batzarkide baitira guztira.
EH Bilduk 2023an baino boto portzentaje handiagoa lortuko luke, Gipuzkoako Soziometroaren arabera, %37,3tik %39,4ra igoko bailitzateke. EAJk lau hamarren baizik ez luke gora egingo bozetan, %32,6tik %33ra.Â
Inkestaren arabera, Elkarrekin Ahal Dugu-k orain dituen batzarkide bietako bat galduko luke, eta PPk orain dituen hiru batzarkideetatik biri eutsiko lieke. Hortaz, boto asmoa ez litzateke askorik aldatuko 2023ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, ez eta iazko maiatzean Gipuzkoako Soziometroak egindako azterketekin konparatuta ere.Â