Gladys del Estal omenduko dute ekainaren 6an, Donostian

Bihar 47 urte beteko dira Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuela. Ekainaren 6an hura omentzeko ekitaldi bat egingo dute Donostian, Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatuta.

Gladys del Estali 2020an egindako omenaldia, Donostiako Kristinaenea parkean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gladys del Estali 2020an egindako omenaldia, Donostiako Kristinaenea parkean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 2a
12:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizikleta bati pedalkadaka eta nuklearren aurkako eguzkia duen puxika bat eskulekuan jarrita: halaxe agertu zen Gladys del Estal egunkari batzuetako azaletan hil zuten egunean bertan, 1979ko ekainaren 3an. Bezperan atera zioten argazki hori, Donostiako Egia auzoan izandako bizikleta martxa batean. Hurrengo egunean, baina, buruan tiro bat jota hil zuen guardia zibil batek, Tuteran (Nafarroa) egindako protesta batean. Bihar 47 urte beteko dira egun hartatik, eta Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatuta, omenaldi bat egingo diote larunbatean, ekainaren 6an. Bulebarrean hasi eta Kristinaenea parkera iritsiko den bizikleta martxa egingo dute aurrena, 11:30ean, eta ondotik egingo dute omenaldia, Kristinaenean, han baitago haren omenezko monolitoa.

GLADYS DEL ESTAL
Gladys del Estal, 1979ko ekainaren 2an, Donostiako Egia auzoan izandako bizikleta martxa batean. BERRIA

Antolatzaileek diote Del Estal urtero izaten dutela gomutan, eta uste dute donostiarrek ere hala dutela. «Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako, gutako bat izan zelako, eta ez dagoelako ahazterik zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura. Baina ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako».

Omenaldian aktualitateko gai bat lantzen dute urtero. Iaz, esaterako, gerra izan zuten hizpide, eta aurten, berriz, energia nuklearraz arituko direla aurreratu dute. «Urteak dira Gladysen omenaldian energia nuklearrari buruz espresuki hitz egin ez dugula; seguruena, 2013an Garoñako zentrala itxi zutenetik. Energia nuklearrak urte askoko gainbehera pairatu du, baina, energia krisiaren aitzakian, bueltan da, edo hobeki esanda, suspertu nahian dabiltza nola edo hala». 

Lemoizko proiektua

Bide batez, urte luzez itxita egon den Lemoizko zentral nuklearraren esparruan Eusko Jaurlaritzak egin asmo duen proiektua salatzeko tartea ere hartuko dute. Imanol Pradales lehendakariak orain bi hilabete jakinarazi zuen zentral nuklearra izan behar zuena mihi arraina ekoitziko duen arrain haztegi bat izango dela, eta Sea Eight enpresak eraikiko duela. Eguzki eta Gladys Gogoan taldeen irudiko, Jaurlaritzak ez du kontuan hartu herritarren iritzia, ezta inguruko udalerriena ere, eta, hortaz, azaldu dute ekainaren 6an horixe salatuko dutela, besteak beste. «Ekainaren 6an ez dugu Gladys memoria nostalgiko batez oroituko, memoria aktibo batez baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE