'Go!azen' telesailari emango diote aurten Abadia saria

Telesailaren 13. denboraldia aurkeztuko duten egun berean jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak sariduna nor den. Gazteen artean euskararen erabilera «modu erakargarri, natural eta iraunkorrean» sustatzeagatik jasoko du saria.

Go!azeneko 12. denboraldiko aktoreak. ETB
Go!azeneko 12. denboraldiko aktoreak. ETB
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 25a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Abadia saria Go!azen telesail musikalari emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Telesailaren hamabi denboraldi ekoitzi ditu jada Pausoka ekoiztetxeak EITBrako, eta lan horren aitortza jasoko du orain, gazteen artean euskararen erabilera «modu erakargarri, natural eta iraunkorrean» sustatzeagatik.

Aldundiaren arabera, Go!azen-ek ekarpen «nabarmena» egin du euskararekiko, euskal kulturarekiko eta balio hezitzaileekiko «atxikimenduan eta transmisioan», eta, Eider Mendoza ahaldun nagusiak azaldu duenez, hori giltzarri izan da saritua aukeratzeko garaian. «Euskara aisialdiarekin, musikarekin eta harreman pertsonalekin lotuz, Go!azen-ek hizkuntzaren erabilera eta harekiko atxikimendua zabaldu ditu gazteen artean», ziurtatu du.

Horrela, telesaila «Euskal Herriko haur eta gaztetxoentzako erreferente» bihurtu dela erantsi du Mendozak: «Ekoizle, sortzaile eta protagonistek euskaraz sortutako kalitatezko entretenimendu eskaintza ondu dute urte hauetan guztietan». Hain justu, telesailaren 13. denboraldia aurkeztuko den egun berean eman du ahaldun nagusiak erabakiaren berri.

Go!azen-ek gaztetxoei egiten dien ekarpena ez ezik, euskarazko fikzioaren garapenari egiten dion ekarpena ere nabarmendu du Mendozak. Esan du urte hauetan guztietan telesailak «aukera» eskaini diela aktore, gidoilari, musikari, artista eta teknikari askori haien ibilbide profesionalean aurrera egiteko. Gaineratu du Go!azen ez dela «telesail hutsa», musika proiektu «garrantzitsua» ere badela. «Kantuek, kontzertuek eta zuzeneko ikuskizunek milaka gazte elkartzen dituzte», adierazi du.

Basakabi udalekuan gertatzen diren abenturak kontatu izan ditu Go!azen-ek hastapenetik. 2008an estreinatu zuten zinemetan, film eran. Izan zuen arrakasta ikusita, telesail eran ekoitzi zuten gero ETB1en, Go!azen 2.0 izenarekin, eta udazken honetan emango dute telesail horren hamahirugarren denboraldia.

Telesaila bera baino zaharragoa da Abadia saria. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen du, eta 26. aldia du aurten. Euskararen normalizazioaren aldeko lanak aitortzea du xede. Iaz Gure Zirkuak jaso zuen saria, eta 2024an, Ruper Ordorikak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA