Enplegua

Goierriko ‘Elkar-EKIN lanean’ programa, ikasle «zaurgarriak» laneratzeko prestatzen

Eskualdeko programak «bazterketa arriskuan» dauden langabetuen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen du. Parte hartu duten ikasleetatik hamahiruk lortu dute profesionaltasun diploma.

(ID_14019213) Elkar-Ekin Lanean egitasmoa
'Elkar-EKIN lanean' programan parte hartu eta profesionaltasun diploma eskuratu duten ikasleak, ekainaren 12an, Ordizian, Goiekin. LOINAZ AGIRRE
Elene Ocariz Ruiz
Ordizia
2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Iazko urtarrilean sortu zuten Goierrin Elkar-EKIN lanean enplegu programa, eta Goierriko Gizarteratze Sarea osatzen duten hainbat eragilek elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Egitasmoaren helburu nagusia da «bazterketa arriskuan dauden langabeen gizarteratzea eta laneratzea erraztea». Hala, pertsona horiek lan duintasuna eta egonkortasuna sustatuko dituen kalitatezko enplegu batera bideratu nahi ditu programak. Ikasleek sei hilabeteko prestakuntza jaso dute urriaz geroztik, eta hilabete pasatu dute praktiketan, eskualdeko komertzio txikietan. Ikasle horietatik hamahiruk jaso zuten profesionaltasun diploma lehengo astean Ordizian, Goieki Goierriko Garapen Agentzian. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goierriko udalek babesten dute proiektua.

Goiekiko ekintzailetza teknikari Ainhoa Imazek azaldu du «egoera zaurgarrian» daudenentzat pentsatutako programa bat dela Elkar-EKIN lanean. «Horren bidez, egoera zaurgarrian daudenentzako arreta hobetzeaz gain, behartsuenentzako enplegagarritasun aukerak sortu nahi ditugu, gizarte kohesioko eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatu, eta inplikatutako beste sistema eta eragile batzuekiko koordinazioa indartu». Imazen arabera, honako hauek dira programaren oinarrian dauden balioak: lankidetza, lan merkatuan sartzeko berdintasuna, eta etikarekiko, elkartasunarekiko, aniztasunarekiko errespetuarekiko eta justiziarekiko «konpromiso irmoa».

Prestakuntza ibilbideak

Iaz diseinatu zuten enplegu plana. Han identifikatu zituzten eskualdeko enpresek hurrengo bost urteetan beharko dituzten profil profesionalak eta lanpostu horietarako beharrezkoak diren gaitasunak. Imazek esan du orduan ohartu zirela gaur egun langabezian daudenak ez zetozela bat planak identifikatutako profilekin. «Esku hartze egokirik gabe, pertsona horiek ez lukete aukerarik izango lana lortzeko, ezta hautaketa prozesuak gainditzeko ere». Horrenbestez, bi prestakuntza ibilbide diseinatu zituen Goiekik, «langabetuak behar diren trebetasunez eta gaitasunez hornitzeko», eta, hala, «laneratzeko aukerak areagotzeko». Besteak beste, lorezaintzan, joskintzan eta etxeko gizarte zein osasun arretan trebatu dira ikasleak. 

Parte hartzaileak inolako prestakuntzarik ez edukitzetik «prestakuntza espezifiko» eta «zeharkako gaitasunak» eskuratzera pasatu dira programari esker, praktika profesionalak ere egin baitituzte. Goiekiko teknikariaren arabera, programan parte hartu izanak aukera ematen die «curriculumak aberasteko» eta etorkizunean «laneratzeko aukerak handitzeko». Bat dator Vasilena Bumbar gizarte eta osasun arreta emateko trebatu den ikasleak. Bigarren modulua egingo du datorren urtean. «Nik erizaintza ikasten nuen Errumanian. Ez dira gauza bera erizaintza eta proiektu honetan ikasi dudana, baina badute antzekotasunik. Programa amaitzean lan egitea espero dut».

Etorkizunera begira

Datorren urtean aldaketak egongo direla aurreratu du Imazek. «Orain eskualdean dauden hainbat eragilerekin esertzen eta sektoreetan dauden beharrak aztertzen ari gara, prestakuntza berriak diseinatzeko». Ostalaritza eta turismo arloetarako formakuntzak planteatzen ari dira, oraingoz. «Inguruan horren beharra dago». Ostalariez eta turismo langileez gain, biltegiko langileak ere behar direla dio. «Orain artekoak mantenduko dira, noski, baina gehiago jarri nahi ditugu, jendeak aukera gehiago izan ditzan».

Programaren sortzaileek ontzat jo dituzte orain arteko emaitzak: parte hartu duten lagunetatik 31 lanean daude jadanik, jasotako formakuntzarekin lotutako lanpostu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.