EHU Euskal Herriko Unibertsitateak gradu berri bat jarriko du martxan 2027-2028 ikasturtetik aurrera Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan: Industriarako Ingeniaritza Kuantikoko gradua. Titulazio «aitzindaria» dela nabarmendu du erakundeak, eta helburu «argi» batekin sortu dutela: teknologia kuantikoak laborategitik industriara eramaten lagunduko duten profesionalei prestakuntza ematea. Graduak 240 ECTS kreditu eta 25 ikaspostu izango ditu ikasle berrientzako, eta bertan sartzeko ingelesezko B2 maila eskatuko dute. EHUk aurreikusi du gradu hori «pixkanaka» ezartzea hurrengo ikasturtetik aurrera, eta 2030-2031 ikasturtean titulazioko lau ikasturteak osatzea.
EHUn uste dute datozen urteetarako beharrezkoa izango dela industria ingeniaritzari eta teknologia kuantikoei buruzko ezagutzak uztartzeko gai diren profesionalak izatea. EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendari Iker Laskurainek esan du «oraindik osatzen ari den jokaleku baterako» prestatuko dituztela profesionalak. «Ez dakigu teknologia kuantikoek zer aplikazio industrial izango dituzten hamar edo hamabost urte barru, baina badakigu laborategiko aurrerapen horiek aplikazio errealetara eramateko bi alorrak ulertzeko gai diren ingeniariak beharko ditugula», adierazi du. Horrez gain, esan du «Euskadin lehen mailako ekosistema zientifikoa» dagoela teknologia kuantikoen arloan, eta «indar handiko» industria sarea ere badagoela. Hori dela eta, Laskurainek bi arlo horiek uztartzeko aukera ikusten du.
EHUk azaldu du graduak espezializatzeko aukera ere emango duela; izan ere, hiru bide eskainiko ditu: Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Elektronikoaren eta Automatikoaren Ingeniaritza, eta Ingeniaritza Elektrikoa. EHUk esan du industria ingeniaritzako irakasgaiekin batera modulu kuantikoa osatzen duten zortzi irakasgai izango dituela graduak, eta horien bitartez ikasleak prestatuko dituztela, besteak beste, mekanika kuantikoan, nanoelektronikan, eta konputazio kuantikoan.