Greba mugagabea abiatu dute Donostiako Metropolitan gimnasioko langileek

Sindikatuak jakinarazi du mobilizatzen jarraituko dutela kirol zentroko langileen baldintzak «nabarmen» hobetzea lortu arte.

Donostiako Metropolitan kirol zentroaren ataria, gaur. ELA
Donostiako Metropolitan kirol zentroaren ataria, gaur. ELA
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 13a
15:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak deituta, greba mugagabea hasi dute gaur Donostiako Metropolitan kirol zentroko hainbat langilek, lan baldintzak duintzearen alde. «Mobilizazio honen arrazoia langileek pairatzen duten prekaritatea da», dio ELAk hedabideei igorritako ohar batean. «Izan ere, egungo lan baldintzak estatu mailako hitzarmen baten menpe daude, eta soldatek nekez gainditzen dute lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS), 1.221 eurokoa». Sindikatuak esplikatu du ordainsari horiek «erabat eskasak» direla, eta ez datozela bat Donostiako bizitzaren kostu handiarekin, ez eta goi mailako kirol zentro baten eskakizun profesionalekin ere.

ELAk salatu du Metropolitan gimnasioko langileek greba mugagabea abiatu izana enpresarekin izandako negoziazio faltaren ondorio dela. Izan ere, langileek zenbait mobilizazio egin dituzte lehenago, eta herenegun elkarretaratzera ere deitu zuten, baina sindikatuak dio enpresak ez duela azaldu Gipuzkoako errealitatera egokitutako hitzarmen bat negoziatzeko borondaterik.

Hortaz, sindikatuak esan du mobilizatzen jarraituko dutela harik eta kirol zentro horretako langileen baldintzak «nabarmen» hobetzea lortu arte, eta enpresari eskatu dio euren aldarrikapenei erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA