Donostiako Udalak «turismoa kudeatzeko eredu berri bat» jarri du abian: Gurera. Udaleko ordezkariek gaur goizean egindako agerraldi batean azaldu dutenez, «herritarrak erdigunean» jarri eta turismoa hiriko estrategia orokorrean txertatzeko asmoa du proiektuak. Are, diotenez, programak turismoa ulertzeko modua aldaraziko du. «Sustapena erdigunean jartzen duen planteamendua atzean utzi nahi dugu, eta kudeaketa integral eta zeharkako baterantz jo. Hala, turismoa, fenomeno isolatua izateari utzita, hiriko proiektuaren parte bilakatuko da».
Udaleko ordezkariek esan dute Gurera ez dela aldi baterako kanpaina bat, «erantzukidetasunean», «lankidetzan», «gardentasunean» eta «entzute aktiboan» oinarritzen den «egiteko modu berri bat» baizik. Izan ere, uste dute turismoak «inpaktu handia» izan duela hirian, espazio publikoan, mugikortasunean, etxebizitzan eta ekonomia jardueretan, batez ere. «Hiria aldatzen ari da, eta, harekin batera, baita turismoa ulertzeko modua ere. Egoera horri aurre egiteko, tresna berriak, begirada berriak eta erronkei aurrea hartuko dien kudeaketa bat behar dira».
Inpaktu hori «behar bezala kudeatzea» da udalaren helburu nagusietako bat, eta horrexegatik sortu dute Gurera. «Kontua ez da turismoari uko egitea, baizik eta etorkizuneko ikuspegia duen planteamendu errealista eta arduratsu bat egitea, hiriko biztanleen bizi kalitatearen eta hiria bisitatzen dutenen esperientziaren kalitatearen arteko oreka bermatzeko».
Udaleko ordezkarien hitzetan, parte hartzea da Gurera ereduaren funtsezko oinarrietako bat, iruditzen baitzaie turismoa ezin dela instituzioetatik soilik eraiki eta, hortaz, eredu berriak «herritarren, turismo sektorearen eta bisitarien inplikazio aktiboa» eskatzen duela. Gainera, analisietan oinarritzen den turismoaren kudeaketa sustatu nahi dute; horretarako, jakinarazi dute analisien emaitzak aldian behin argitaratuko dituztela, bai eta hartzen dituzten neurrien berri eman ere.