Bosgarren urtez, Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) eta Amher elkarteak Hariak zinema jaialdia antolatu dute. Erresistentzia istorioei eskainitako zinemaldi bat da, eta emanaldiak eta solasaldiak egin ohi dituzte. Azaroaren 5etik 15era iraungo du jaialdiak, eta, ohiko moduan, ekitaldiak Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan egingo dituzte. Gehienak 18:00etan izango dira, baina larunbat goizetan ere izango da zer entzun eta zer ikusi.
Itsaso Lekuona Hernaniko Lankidetza zinegotziak nabarmendu du «erreferentzia» bihurtu dela zinema jaialdia. «Emakumeen izen propio askoko aldia izango dugu aurten. Dokumental gehienek emakumeak dituzte protagonista. Izen propioak pantailara eramateko ariketa da aurtengo Hariak».
Emanaldi guztiak doakoak izango dira. «Gure proposamena da herritarrak ahalik eta saio gehienetara etortzea. Hartara, dokumentalen arteko hariak identifikatzeko». Herritarrei dei hori egin die Lekuonak.
Jaialdiak irauten duen bitartean, Afrikako oihalei buruzko erakusketa bat jarriko dute Kulturarteko Plaza Feministan.
Egitaraua prest da
Egitarau osoa dagoeneko Hariak.hernani.eus webgunean kontsulta daiteke. Herrialde ugaritako dokumentalak eta solaskideak izango dituzte jaialdian: Euskal Herria, Bangladesh, Kenya, Kolonbia, Tunisia, Afganistan, Espainia eta Argentina.
Azaroaren 5ean, lehen egunean, Hutsune handi bat dokumentala emango dute. Lan horretan heroinak eta hiesak eragin zuten minaren memoria kolektiboa jaso dute. Ikerketaren arabera, Urretxun eta Zumarragan (Gipuzkoa) 115 gazte baino gehiago hil ziren heroinaren eta bereziki hiesaren ondorioz.
Azken egunean, azaroaren 15ean, Argentinako Norita dokumentalak emango dio amaiera jaialdiari. Emanaldiarekin batera, solasaldia egingo dute Celeste Aguero aktibista antirrazista argentinarrarekin.