«Haserre gaude Hezkuntza Sailak hartutako erabakia ez delako pedagogikoa, politikoa baizik»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Oiartzungo Urmendi udal haur-eskolako langileei jakinarazi die zentroak zutik irautea nahi badute ez dutela Haurreskolak partzuergoan sartzea beste aukerarik. Erabaki horrek haserrea piztu du herrian.

Oiartzungo Urmendi udal haur-eskolako ordezkariak, ostegunean, Oiartzunen. URMENDI
Oiartzungo Urmendi udal haur-eskolako ordezkariak, ostegunean, Oiartzunen. URMENDI
Miren Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 5a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2024ko azaroan jakinarazi zuen eten egingo zuela udalen haur eskolei egiten zien ekarpen ekonomikoa, eta, hortaz, Haurreskolak partzuergoko kide izatea proposatu zien. Gipuzkoako zenbait udalen haur eskolek onartu egin zuten proposamena, baina bestelakoa da Oiartzungo Urmendiren kasua, partzuergo bat baita bere horretan. Urmendiko langileek eta gurasoek «arriskuan» ikusi dute proiektuaren etorkizuna 2024az geroztik, eta beldur ziren Jaurlaritzak zer erabaki hartuko ote zuen. Oraintsu baieztatu diete ez dutela beste aukerarik, Haurreskolak partzuergoko kide izan beharko dutela proiektuak aurrera jarraitu dezan. «Haserre gaude Hezkuntzak hartutako erabaki hori ez delako pedagogikoa, politikoa baizik, eta helburua delako hezkuntza sistema erabat zentralizatua izatea», diote Urmendiko ordezkariek. «Tokiko proiektuak errefusatu dituzte, eta ate guztiak itxi dizkiete ederki funtzionatzen duten bestelako proiektu publiko-komunitarioei».

Urmendiko langile eta gurasoek ahaleginak eta bi egin dituzte haur eskolak zutik irauteko; izan ere, udaleko ordezkariak Lakuan izan ziren otsailaren 27an, eta zera proposatu zuten han, 2026-2027ko ikasturtean Haurreskolak partzuergoa Urmendira batzea. Orduan BERRIAri esan zioten udal haur-eskola herrian «sustraitua» dagoen «erreferentziazko proiektu» bat dela, aitzindaria, eta Jaurlaritzak proposamen hori onartuz gero bermatuta egongo litzatekeela proiektuak aurrera egitea. Konfiantza jarri zuten Jaurlaritzari eginiko proposamen horretan, eta haserre daude ez dutelako helburua lortu. «Herritik haragoko eragile sindikal eta politikoek ez dute interes edo posizionamendu argirik adierazi, eta babesgabe sentitu gara», diote. «Haserre gaude maite dugun proiektu hau pikutara doalako. Eta triste ere bagaude, mimo eta dedikazio handiz eraikitakoa desegin dutelako».

Etorkizunaren izu

Haurreskolak partzuergoan sartzeak izango duen eraginak kezkatzen ditu Urmendiko langileak. «Ez dakigu zer ondorio izango dituen Urmendiren hezkuntza kalitatean, zerbitzuan eta Oiartzungo haur txikiengan». Uste dute haur eskola aldatu egingo dela Eusko Jaurlaritzaren ereduan sartzearekin batera, izan ere, orain arte 0-3 urte bitarteko haurrentzako eskola izandakoa 0-2 urte bitartekoentzakoa bihurtuko litzateke. «Kezkaturik gaude 0-3 zikloa puskatuko delako, eta lehenago edo beranduago 2 urteko haurrak haur eskola baten funtzionamendutik kanpo geratuko direlako, eta, beraz, ikastetxe baten antolaketara egokitu beharko dutelako».

Jantoki propioa ere badu Urmendik, orain arte zero kilometroko produktuekin prestatutako kalitatezko otorduak eskaini dituena. «Bertako sukaldeari eta sukaldarien eguneroko lanari esker funtzionatzen du», esan zion Iraia Etxebeste zentroko zuzendariak BERRIAri orain bi hilabete. «Haur guztiek elkarrekin jaten dute jantokian, eta denbora tarte hori heziketarako eguneroko momentu inportantea da». Diote orain «ziurgabea» dela egoera, eta ez dakitela jantoki eredu horrek zer bide hartuko duen. Langile taldearen etorkizunak ere kezkatzen ditu. «Oraindik orain ez dakigu zer gertatuko den Urmendin lan egiten duten garbitzaileekin, sukaldariekin, hamabost irakasle finkoekin eta finko ez dauden beste hainbatekin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA