Hernani-Landetxa partidako epailearen aurkako «mehatxuak» salatu dituzte

Gipuzkoako Futbol Federazioak ikerketa bat abiatu du larunbateko istiluen inguruan, eta esan du «irmo» jokatuko duela.

Hernaniko Zubipe futbol zelaia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Hernaniko Zubipe futbol zelaia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2026ko martxoaren 30a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Istiluak izan ziren larunbatean Hernaniko Zubipe zelaian (Gipuzkoa) jokatu zen Hernaniko eta Irungo Landetxa futbol taldeen arteko partidan. Epaileari «mehatxu» egin zioten Irungo taldearen zale batzuek. Gipuzkoako Futbol Federazioak gertakari horren gaineko ikerketa abiatu du, eta esan du «irmo» jokatuko duela.

Zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, epaileak mehatxuzko iruzkinak jaso zituen zaleengandik, partidaren amaiera aldera. Aldagelan sartu behar izan zuen epaileak azkenean, eta ez zen ateratzera ausartu, harik eta Ertzaintza bertaratu zen arte.

Hernani Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeak ohar bidez adierazi du «tentsio handiko partida» izan zela, eta hala Landetxako jokalariek nola zaleek «jarrera erasokorra» izan zutela epailearekin. «Mehatxuak egin zizkioten, bai eta jarrera bortitza erakutsi ere. Halako jokabideak guztiz urrun daude kirolaren, errespetuaren eta bizikidetzaren balioetatik». Nabarmendu dute errespetua funtsezkoa dela kirolean: «Indarkeriak eta beldurrak ez dute lekurik futbolean, ezta gure herrian ere. Kiroltasuna eta errespetua oinarrizko zutabeak dira guretzat».

Orain bi aste, Basaurin 

Orain bi aste antzeko gertakariak izan ziren Basauriko Soloarteko zelaian (Bizkaia), Basauri BEA eta Delta Duo futbol taldeen arteko neurketan. Talde bisitariak luzapenean berdindu zuen partida (3-3), eta, epaileak aktan jaso zuenez, hainbat jokalari, talde teknikoko kide batzuk eta zale batzuk irainka hasi zitzaizkion, bai eta «mehatxu larriak» egiten ere. Hori dela eta, Basauri BEAko lau jokalariri zigorrak ezarri dizkiete. Are, entrenatzaileari isuna jarri diote, eta taldeak hiru partida jokatu beharko ditu ateak itxita. Zigor ekonomikoa ere jarri diote klubari, 600 eurokoa.

Eder Perez Bizkaiko Futbol Federazioko idazkari nagusiak larritzat jo zuen Basaurin gertatutakoa: «Gure epaileak babestu nahi ditugu. Indarkeriaren aurkako jarrera sendoa dugu. Bizkaian epaileen aurkako indarkeria amaiarazi egin behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA