Hernaniko Udalak eta San Marko mankomunitateak «berrerabilpena sustatzeko» protokolo bat sinatu dute berriki, Hernaniko Ibarluze industrialdean dagoen garbigunean uzten diren objektuei beste bizialdi bat emateko asmoz.
Horretarako, udalak orain bi urte abiatutako Trukehernani.eus plataforma erabili beharko dute erabiltzaileek. «Herritarrek etxean dituzten eta Hernaniko Udalak altzari bilketan jasotzen dituen artikuluez gain, artikulu berrerabilgarriak ere jarriko dira herritarren eskura, doan», azaldu du Ainara Atorrasagasti Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotziak. «Ur marka baten bidez jakingo du erabiltzaileak zeintzuk diren garbiguneko artikuluak. Interesa duten herritarrek bertan erreserbatu beharko dute artikulua, eta ondoren, zazpi egun natural izango ditu garbigunean jasotzeko».
Halakoak erreserbatu ahal izateko, erabiltzaileek plataforman erregistratuta egon beharko dute. Atorrasagastik esplikatu du zerbitzu guztia doakoa izango dela, hala plataforman erregistratzea nola garbiguneko gauzak jasotzea.
Sei hilabeteko probaldia egingo dute oraingoz, ikusteko ea objektuak berrerabiltzeko sistema horrek funtzionatzen ote duen. «Espero dugu etorkizunean egonkortzeko aukera izatea».