2023ko azaroan, Hernaniko Langile ikastolako gurasoek jakinarazi zuten haur batek har bat aurkitu zuela jangelan zerbitzatutako janarian. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak espedientea ireki zion orduan Serunioni, jangelako janariaz arduratzen den enpresari. Gertatutakoak ikusita, jangela eredua aldatzeko lanean aritu dira Hernaniko hezkuntza komunitateko kideak, eta Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izan ziren atzo, jangela eredu berri baten proposamena aurkezten, herriko ikastetxe eta familien izenean. Izan ere, eredu berri hori abiatu ahal izateko, beharrezkoa dute Eusko Jaurlaritzaren onespena, baina, diotenez, Hezkuntza sailburuarekin biltzeko eskaera orain urtebete egin bazuten ere oraindik ez dute erantzunik jaso.
Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztu duten proposamenaren helburua zera da, «elikadura jasangarri eta iraunkorra ardatz izango duen eredu bat» sortzea, bai eta «haurrak erdigunean» jartzea eta «eskualdeko lehen sektorea bultzatzea» ere. Hernaniko hezkuntza komunitateko kideek azaldu dute eredu berria «hurbiltasunean» datzala. «Proposatu duguna da ikastetxeetan bertan kozinatzeko aukera izatea, eta, inbertsioa handiagoa balitz, gure herriko ikastetxe guztientzako sukalde zentralizatu bat eraikitzea».

Kasik hiru urte dira taldeko kideak jangela eredu berri hori lantzen hasi zirela, eta kontatu dute buru-belarri aritu direla proposamena eratzeko lanetan «dozenaka» guraso, irakasle eta teknikarirekin, harik eta iaz herriko ikastetxeek eta udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten arte. Iazko uztailean eskatu zioten bilera egitea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, eta urrian berriz ere. Ez dute erantzunik jaso, eta «babes bila» joan ziren atzo legebiltzarrarera. «Hezkuntza komunitatearen parte hartzearen eta lanaren ondorioz sortutako proposamen hau aintzat hartzeko eskatu diogu legebiltzarrari».
Tokiko sukaldaritza
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak proposatuta, gobernu kontseiluak apirilaren 29an onartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan 30 sukalde berri jartzea, sukalde propiorik eduki ezin duten zentroei zerbitzua emateko. Hernaniko hezkuntza komunitatea kexu da prentsaren bidez izan dutelako asmo horren berri. «Ez dakigu Hernaniko ikastetxeen proposamena egitasmo horren barruan sartuta ote dagoen. Pentsatzen dugu ezetz, Hezkuntza Saileko arduradun bakar bat ere ez baita herriko ikastetxeekin harremanetan jarri jangela eredu berri bat gauzatzeko. Gainera, ez dakigu zer irizpide erabili dituzten ikastetxeak eta eskualdeak hautatzeko orduan, Hezkuntza Sailak ez baitu horretarako deialdi irekirik egin».
Hernaniko ikastetxeetan 2.500 ikasle baino gehiago daude matrikulatuta, eta horietatik 1.600 inguruk erabiltzen dute jangela zerbitzua. «Familia asko gara, eta gure ahotsa entzuna izan dadila eskatzen dugu», diote hezkuntza komunitatekoek. «Jangela eredu berri bat sortu nahi dugu herrian, Jaurlaritzarekin elkarlanean eta legebiltzarraren babesarekin».