Hernaniko Udalak zerbitzu berri bat aurkeztu du gaur: Etxebizitza Behatokia. Zerbitzu horrek «etxebizitzaren gaineko kontsultak bideratzeko, aholkularitza eskaintzeko eta etxebizitzaren arloko azterketak egiteko» balioko du. «Hernani tentsio handiko eremu izendatu dute, eta horrek agerian uzten du gure herrian etxebizitzaren arloan bizi dugun egoera larri eta konplexua», azaldu du Hernaniko Udaleko Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak. «Etxebizitza Behatokiaren helburua da gure herrian etxebizitza eskubidea sustatzen eta bermatzen laguntzea, bai eta etxe hutsen mobilizazioa bultzatzea ere». Etxegura elkartea arduratuko da Etxebizitza Behatokira joaten direnak artatzeaz.
Zerbitzu berria urtarrilaren 19an jarriko dute martxan, Burujabetzen Etxean —Florida auzoko 28. zenbakian—. Astean bi egunetan eskainiko dituzte aurrez aurreko zerbitzuak: astelehenetan 10:00etatik 13:00etara eta asteazkenetan 15:00etatik 18:00etara. «Maizterrei eta etxejabeei zuzendutako zerbitzua izango da», esplikatu du Atorrasagastik. Urtarrilaren 16an egingo dute zerbitzuaren aurkezpen publikoa, Burujabetzen Etxean bertan, arratsaldeko seietan. Antolatzaileek «interesatuta dagoen herritar eta eragile oro» gonbidatu dute aurkezpen horretara.
Hernaniko Udalak eta Etxebizitza Behatokiak dagoeneko finkatuta dute lehen erronka: «Herrian dauden etxebizitza hutsak mobilizatzea». Izan ere, Atorrasagastik azaldu du «erabii gabeko» zazpiehun etxe baino gehiago daudela Hernanin. Hortaz, Etxebizitza Behatokiak zuzeneko harremana sustatuko du etxe hutsen jabeekin, eta alokairu sozialen gaineko programen berri emango die —Iraitz Apeztegia arduratuko da bulegora joaten direnen zalantzak argitzeaz—. Horretarako, udala etxe hutsen jabeekin jarriko da harremanetan datozen egunetan, otsailaren 12an egin asmo duen bilera informatibora gonbidatzeko.