Bosgarren urtea izango du aurtengoa Hernaniko Liburu eta Disko Azokak. Herriko Dobera euskara elkarteak antolatzen du, euskal literaturari eta musikagintzari plaza bat eskaintzeko asmoz, bai eta «euskarazko materialari lekua emateko» eta «aurpegia jartzeko» ere. «Elkartearen balioen eskutik sortu genuen azoka, eta txikitasunetik egin du bidea». Euskara elkartekoek esan dute azokan askotariko sortzaileei egin izan dietela tokia, hala ezagunei nola berriei. «Era guztietako sorkuntza lanak izan dira gurean, eta hamaika koloretako kulturgileak. Hala, hizkiz hizki, notaz nota, 5 urte bete ditugu». Bihar izango da, 11:00etan hasita, Atsegindegi plazan.
Hernaniko Liburu eta Disko Azokan euskarazko lanak soilik egoten dira salgai; izan ere, azokaren helburua da euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzera ematea. Aldi honetan hamazazpi erakusmahai izango dira, hala nola Dobera Euskara Elkartearena, Bertsolari aldizkariarena, Katakrakena, Alberdaniarena, Hernaniko Elkar liburu dendarena, Harriet Edicionesena, Pamielarena, Rolariakena, Argiarena, Zapotxin pailazoarena, Eguzkilorerena, Dakitena Hatsa elkartearena, Susarena, 1545 argitaletxearena, Igelarena eta Ereinena.
Antolatzaileek esplikatu dute Doberako bazkideek bost euroko bonuak izango dituztela postuetan gastatu ahal izateko. Salmahaiak ez ezik, askotariko jarduerak ere antolatu ditu elkarteak: kontzertuak, tailerrak, ipuin kontalariak, liburu aurkezpenak....
EGITARAUA
- 11:00. Irekiera, Zapotxin pailazoarekin.
- 11:45. Familientzako tailerra, Sorgina Txirulinarekin.
- 12:00. Andoni Rekondo eta Eli Pagolaren Kontatzera noazu podcasta zuzenean.
- 13:30. Xabi San Sebastianen kontzertu akustikoa.
- 17:00. Sorgina Txirulinaren ipuin kontaketa.
- 17:00. Rol jokoen partidak.
- 17:45. Liburu aurkezpenak: 'Oroimenezko igandeak' (Ainara Maia Urroz), 'Jaiotzetik erreboltari' (Matxalen Bezos Arketa) eta 'Mendiak ogibide' (Bingen Amadoz Onday).
- 19:00. Itxiera kontzertua, Babarrunba taldearekin.