«Gatazkak utzi du zer ikasi/ utzi du zer aletua/ elkarbizitzak urrun behar du/ herstura ta mendekua/ ahots guztiek beharko dute/ nork entzun ta ulertua/ emakumea izan da gehien/ mututu den subjektua/ beraz badago nork kontatua/ eta nori galdetua/ emakumeek izan dezaten merezi duten lekua». Oiartzungo Udalak (Gipuzkoa) bertso horren bidez laburbildu du asteon abiatu duen Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea izeneko zikloa. «Bizikidetzaren eta memoriaren bidean beste pauso bat» emateko asmoz antolatu dute, eta, azaldu dutenez, emakumeek pairatutako indarkeria izango da zikloaren ardatza. «Emakumeen istorio, bizipen eta izen isildu, ezkutatu edo ukatuak berreskuratu nahi izan ditugu, emakumeak gure iraganeko subjektu aktibo gisa aldarrikatzeko», esan dute. Hala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte azaroaren 27ra bitartean. Astelehenean zabaldu zuten egitaraua, Ione Zuloaga Muxika Aranzadi zientzia elkarteko historialariaren Frankismoan errepresaliatutako emakumeak hitzaldiarekin.
1936tik 1978ra bitartean gertatutako giza eskubideen urraketak, errepresioa eta bestelako indarkeria batzuk —ile soilketak, bortxaketak, kartzela, tortura, epaiketak, errepresio ekonomikoa...— jasan zituzten emakumeen historia berreskuratzen ari da Zuloaga, ikerketa historikoaren bidez. Tolosan egin zituen lehen ikerketa saioak, eta «historia osoa» osatu ahal izateko, tokiko historia ikertzen ari da orain, genero ikuspegitik. «Ikerketa ikuspegia aldatzeari esker, berretsi dugu emakume batzuek antolakuntza politikoa zutela, frankismoak zabaldutako ama eta zaintza lanez arduratzen zen emakume eredugarria izan zelako ustea ezeztatuz», azaldu du. Ikerketa noranzko horretan abiatzeak modua eman dio errepresio sexuatua zehaztasun handiagoz jasotzeko. «Hala baieztatu dugu errepresioa ez zutela emakume guztiek jasan, eta izan zirela errepresioa eragin zuten andreak ere». Hain zuzen, horretaz aritu zen asteleheneko solasaldian, Oiartzunen.
«Ezinbestekoa da gertaeren testuinguru historikoa ikertzea, gaur egundik epaitu gabe; bestela, ez dugu historia behar bezala idatziko»
IONE ZULOAGA MUXIKA Aranzadiko historialaria
Zestoako, Oiartzungo, Getariako eta Azpeitiko hainbat emakumeri —Bienvenida Agirrezabala tolosarra, Rosario Uranga eta Karmen Alkorta getariarrak...— egindako jazarpenen adibideak eman zituen Aranzadiko historialariak, bai eta askotariko dokumentuak erakutsi ere. Agiriek baieztatzen dute ile soilketak egin zizkietela andre horiei, Emakume Abertzaleen Batzako kide izategatik, euskal nazionalista izateagatik eta espazio publikoa hartzeagatik, besteak beste. Hala dio dokumentuetako batek: «Getarian, ilea moztu zaie bi Emakumeri; horietako bat Esteban de Urangaren alaba da, Rosario izenekoa, Emakume Abertzaleen Batzako presidentea bera. Falangeko kide batzuek moztu zieten ilea, udaletxean. Zigorraren motiboa: nazionalistak direla». Zuloagak dio «gizarte osoak» zekiela zer gertatu zitzaien frankistek ezarritako ordena hautsi zuten andreei. «Hala, emakume errepresaliatuak gainerako emakumeek egin behar ez zuten eredu bilakatu ziren».
Oiartzungo saioan, askotariko artxiboetan aurkitutako agiriak erakutsi zituen historialariak, baita 1930etik 1936ko uztailera bitartean Donostian argitaratu zen El Dia egunkariaren hemerotekan topatutako hainbat artikulu ere.
«Memoria gure burmuinean dagoen eta inguratzen gaituen testuinguruarekin eraldatzen den entitatetzat hartu behar dugu»
IONE ZULOAGA MUXIKA Aranzadiko historialaria
Zuloagak azaldu du metodologia zientifikoa erabili dutela historian arakatzeko. Askotariko iturriak erabili dituzte horretarako; hala lehen mailakoak —Euskal Herriko artxiboak, udaletakoak, erregistro zibilak, Espainiako artxiboak, lekukotzak, hainbat familiak emandako dokumentazioa, egunkarietako hemerotekak...— nola bigarren mailakoak —ikerketa zientifikoak, liburuak, artikuluak...—. «Ezinbestekoa da hau guztia gertaera historikoen testuinguru historikoan ikertzea, gaur egundik epaitu gabe; bestela, ez dugu historia behar bezala idatziko».
Nolanahi ere, kontatu zuen dokumentazio historikoan ez dagoela «iker daitekeen guztia», izan ere, zenbait dokumentu suntsitu egin zituzten, desagerrarazi. «Ikertzen dugun dokumentazio historikoaren gehiengoa frankista da. Izan ere, frankistek euren historia idatzi zuten, eta gu, berriz, garaituen historia eta 36ko gerra eta diktadura frankistako historia osoa berreraikitzeko lanetan gabiltza». Horretarako, uste du lekukotzak funtsezkoak direla halako ikerketa prozesuetan. «Historialariok objektibotasunez eta zuhurtziaz aztertu beharreko dokumentuak dira testigantzak. Memoria gure burmuinean dagoen eta inguratzen gaituen testuinguruarekin eraldatzen den entitatetzat hartu behar dugu». Gainera, Zuloagak azaldu du herritarrek ikerketan parte hartzeko aukera dutela: «Garai hartako egoeraren inguruan duten informazioa, dokumentuak eta argazkiak bidal ditzakete».
Egitaraua
Memoria historikoa oinarri hartuta, Oiartzungo Udalak askotariko ekintzak antolatu ditu azaroaren 23ra bitartean, Landetxe kultur aretoan. Larunbatean, esaterako, Amonaren kea eta Beroki gorria ipuin kontaketak izango dira 3 urtetik gorako haurrentzat, Karmele Mitxelenarekin; azaroaren 17an, Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira argazki proiekzioa egingo dute, Ander Gillenea eta Maider Galardirekin; eta, azaroaren 20an, berriz, Mujeres fusiladas. La memoria ausente filma proiektatuko dute.
Erakusketa bat ere jarri dute ikusgai: Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira. Azaroaren 23ra bitartean egongo da zabalik.