Eskola kirolean ari ziren hiru umetik batek utzi dio parte hartzeari Gipuzkoan

Parte hartzea %63,5etik % 45,3ra apaldu da. 382 talde gutxiagok eman dute izena, eta zortxi ikastetxek utzi dute programa.

Umeen futbol partida bat, Donostiako Kontxa hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU
Umeen futbol partida bat, Donostiako Kontxa hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 5a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Multikirola programak 5.200 haur galdu ditu iaztik hona, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak apirilean emandako epaiaren ondorioz. Izan ere, ordura arte, 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin nahi bazuten, ezinbestean eman behar zuten izena eskola kirolean, baina EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak indargabetu zuen neurri hori. Izan ere, 11.919 ikasle parte hartzen ari dira aurten, eta 17.121 izan ziren iaz. Alegia: eskola kirolean ari ziren hiru umetik batek utzi dio parte hartzeari —%30 gutxiago—. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskola kirolaren ereduan matrikulatutakoen kopurua 18 puntu jaitsi da iaztik hona. 

Goizane Alvarez Gipuzkoako Kirol diputatuak orain bi hilabete eman zuen lehen datuen berri, eta aurreratu zuen «beherakada nabarmena» izan dela inskripzioetan: «Egoera honek zalantzan jar dezake gure eredua, kirolaren eta gizartearen garapenean eredugarri izan dena». Gaur aurkeztu du egungo analisi xehea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta, emandako datuen arabera, joan den ikasturtean Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleen %63,5 zeuden Multikirolean izena emanda; aurten, %45,3ra jaitsi da kopuru hori. Adin horretako neskei dagokienez, ikasleen %38k parte hartzen dute programan —iaz, ia %50 ziren—. Mutiletan handiagoa da aldea, ikasleen %52,5ek eman baitute izena —iaz %77 ziren—.

Diputatuak dio datu horiek «eragin zuzena eta konponezina» dutela Multikirolean inskribatutako taldeen kopuruan —1.493 ziren iaz, eta 1.111 orain—, baita programaren barruan jarraitzen duten ikastetxeen kopuruan ere. Zehazki, zortzi ikastetxe dira programan jarraitu ez dutenak. Buruntzaldean erregistratu dute beherakadarik handiena, eta, ondoren, Bidasoan, Deban, Goierrin, Tolosaldean eta Donostian.

Klubetako kirol eskoletako parte hartzea handitu egin da, baina: joan den ikasturtean 10.464 lagunek eman zuten izena, eta aurten, 10.767k.

Elkarbizitza

Batzar Nagusietako agerraldian, Alvarezek azpimarratu du «programa jakin bat baino askoz gehiago» dagoela jokoan. «Eredu hau galtzeak aukera berdintasuna galtzea esan nahi du, haurren lesioak saihesteko bideak galtzea, haurrek kirol berriak ezagutzeko aukera galtzea.... Baita funtsezko balioak galtzea ere, hala nola frustrazioaren tolerantzia, talde lana... Are gehiago, Gipuzkoak azken hiru hamarkadetan eraiki duen kirol politika berritzaileko lidergoa galtzea ere bada».

Horregatik, diputatuak iragarri du aldundiak federazioak, ikastetxeak eta klubak deituko dituela egoera berriaren gaineko urratsak «modu partekatuan» aztertzeko, eta bi bideen arteko elkarbizitza bermatzeko. «Bat egiten ez duten ideiak daude, baina gure lana bi ereduen arteko oreka bilatzea da, publikoaren eta polideportiboaren eta pribatuaren eta monodeportiboaren artekoa».

Alvarezek gogorarazi du Multikirolak 30 urte daramatzala eredu izaten hezkuntzan eta kirolean, bai eta aukera berdintasuna eta kiroltasuna sustatzen duen eta espezializazio goiztiarra atzeratzen duen eredu bat eraikitzen ere. «Polikiago aurreratu nahi dugu, urrunago iritsi ahal izateko. Hala, nahi duen orok izango du halako programa baten alde egiteko aukera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.