Tolosan abian da dagoeneko jatorri atzerritarra dutenei arreta integrala emateko harreragunea. Tolosaldea Garatzen agentziako Migrazio eta Aniztasun sailak jarri du martxan zerbitzu hori, eskualdeko udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Tolosaldera bizitzera joandako atzerritarrei arreta zerbitzu integrala eskainiko die harreraguneak: bakarkako hitzorduak emango dituzte, eta askotariko baliabideak erabiliko dituzte egoera bakoitza bideratzeko. Joaten direnei, informazioa emateaz gain, orientazioa eta Tolosaldeko gainerako baliabide eta zerbitzuen berri ere emango diete, hala nola osasun zerbitzuak, aholkularitza juridikoa, gizarte zerbitzuak eta inklusioa, enplegua eta prestakuntza, hezkuntza, hizkuntzaren ikaskuntza, Tolosaldeko Emakumeen Etxeko zerbitzuak eta elkarguneak eta gizarte erakundeak.
Bulegoak, hiru herritan
Tolosaldeko udalek beharrezkotzat jo zuten gisa horretako harrera zerbitzu integral bat, eta eskualdekoa sortzeko, Usurbilgo, Hernaniko, Getxoko edota Bilboko zerbitzuak izan dituzte eredu. Harreraguneak bulego bana izango du hiru herritan: Tolosan, Villabona-Amasan eta Alegian.
Tolosako bulegoa Andre Maria plazako 1. zenbakian dago, eta astean hiru egunetan izango da zabalik, astelehenetan, astearteetan —10:00etatik 14:00etara— eta asteazkenetan —15:00etatik 19:00etara—. Villabona-Amasako bulegoa ostegunetan irekiko dute, 10:00etatik 14:00etara, eta Alegiakoa, berriz, ostiraletan, tarte berean.
Antolatzaileek jakinarazi dute harreragunera joateko aurrez hartu behar dela ordua, telefonoz —747 41 72 55— edo posta elektroniko bidez —harreragunea@tolosaldea.eus—.