Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Kontadores eraikina «egokitu» eta «aktibatu» nahi dute, «eraikin-laborategi» eta Bidebieta auzoko «erreferentzia gune» bihurtzeko asmoz. Hain zuzen ere, aurreproiektu hori aurkezteko, Kontadores eraikinean izan dira gaur Goizane Alvarez foru diputatua eta Iñigo Garcia Donostiako Udaleko Gazteria zinegotzia. «Aurreproiektuaren arabera, eraikina Kolab Kontadores izango da aurrerantzean», esan dute.
Alvarezek eta Garciak azaldu dute helburua dela Bidebieta auzoaren egungo beharrei erantzutea, eta horretarako, Kontadores «esperimentaziorako, topaketarako eta sorkuntza kolektiborako espazio ireki, inklusibo eta erabilgarri» bilakatu nahi dutela. «Kultura demokratizatu nahi dugu», esan du Alvarezek. «Kulturak eguneroko eskubide izan behar du, eta ez pribilegio bat. Sorkuntza herritarren eguneroko bizitzarekin lotu nahi dugu, eta hala, gizarte kohesioa indartu».
Izan ere, «Gipuzkoa justua auzoetatik eraikitzen da», Alvarezen ustez. «Eskubideak eta zerbitzu publikoak bermatu behar dira gehien behar diren lekuetan». Esan du Kontadores «ikuspegi soziala duen hiriaren biziberritzearen adibide» bihur daitekeela hala.
Bidebieta indartzea ipar
Garcia bat dator foru diputatuarekin. Esan du Kolab Kontadores proiektuak «Bidebieta indartzea» eta «auzo horretan bizi direnen balioa aitortzea» ekarriko duela. «Auzotarrak aspalditik egiten ari diren eskaera bati erantzuten dio aurkeztu berri dugun aurreproiektuak; izan ere, entzute aktiboko prozesu bat egiten ari gara haiekin, zer behar eta nahi dituzten ulertzeko».
Zinegotziak dioenez, Kontadores eraikinean «gazteek emantzipatzeko, prestatzeko eta sortzeko benetako laguntza aurkitzea» nahi dute, bai eta leku hori «belaunaldi desberdinak elkarrekin lotuko dituen eta auzo sareak indartuko dituen topagune» izatea ere. «Kontadores berriak belaunaldien arteko sinergiak sortu nahi ditu, gazteek eta adinekoek elkar aberasteko, esperientziak trukatzeko eta bizikidetza eraikitzeko».
Alvarezek eta Garciak estrategikotzat daukate Bidebietan gisa horretako proiektu bat egitea. «Auzoak ezin dira hiriaren periferia izan: bertan eraikitzen da bizikidetza eta bertan neurtzen da benetan berdintasuna».
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten amaitu nahi du proposamen hori, eta aurreikusten du lanak 2027an hastea. «Espazioak irekitzen dituen hiri batek bere aniztasuna aitortzen du, aukerak sortu, talentua aktibatu, eta etorkizuna modu kolektiboan eraiki», esan du Alvarezek.