Kutxa Fundazioak Ayesa enpresaren erosketan parte har dezala eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak uste du «arduragabekeria» dela gai hori eztabaida politikorako erabiltzea, eta Kutxa Fundazioa auzitan jartzeak kalte egiten diela herrialdeari eta hango enpresei.

Ayesa enpresa. BERRIA
Ayesa enpresa. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 4a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutxa Fundazioak abenduan hartu zuen Ayesaren adar teknologikoa ez erosteko erabakia, eta hautu horrek eztabaida piztu du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Izan ere, EH Bilduk eta PSEk zera eskatu diote Foru Aldundiari: Gipuzkoak «erabakitzeko ahalmena» izan dezala Ayesa enpresaren erosketan, eta bultza dezala Kutxa Fundazioaren parte hartzea erosketa horretan, lurraldean «errotuta» jarrai dezan. Eskaerak PPren babesa jaso du; Elkarrekin Ahal Dugu eta alderdi jeltzalea kontra agertu dira. 

EH Bilduko batzarkide Maddalen Iriartek dio Gipuzkoak ezin duela Ayesa erosteko operazio estrategikotik kanpo geratu. Hortaz, Kutxa Fundazioak erosketan parte hartzeko lan egin dezala eskatu dio aldundiari, uste baitu «arduragabekeria» dela Gipuzkoak kontrolik ez izatea enpresaren etorkizuneko erabakien gainean. Gainera, «ulertezina» iruditzen zaio EAJk fundazioaren erabakia dela-eta hartutako jarrera. «Kutxa Fundazioa horrelako proiektu estrategikoak bultzatzeko eta gure lurraldearen garapen ekonomikoan eragina izateko sortu zen. Zer dago honen guztiaren atzean? EAJk besteok ez dugun informaziorik badu Gipuzkoan, gardentasunez jokatu behar du, eta gai hau argitu».

Alberto Albistegi PSEko batzarkideak bat egin du Iriartek esandakoekin. Garrantzitsutzat du lurraldean «enplegu egonkorra» eta «kalitatezkoa» sortzen duten proiektuak izatea, eta, hortaz, uste du Kutxa Fundazioak Ayesaren erosketan ez parte hartzeak lurraldearen aurkako erabaki bat dela: «Gipuzkoak lehiakortasuna galduko du hala, ahuldu egingo da, eta enplegu kualifikatua galtzeko arriskua areagotuko da». Dio «nekez» uler daitekeela Kutxa Fundazioak halako proiektu batetik kanpo geratzea erabaki izana.

Erakunde independentea

Euge Arrizabalaga EAJko bozeramaileak azpimarratu du ez dela «onargarria» Kutxa Fundazioa alderdien arteko borrokarako tresna gisa erabiltzea. «Fundazio horrek erakunde independente gisa funtzionatzen du, eta beraz, bere nolakotasunaren, plan estrategikoaren, misioaren eta dagozkion erantzukizunen arabera hartzen ditu erabakiak». Arrizabalagaren antzera, Miren Etxebeste Elkarrekin Ahal Dugu-ko bozeramailea ere kritiko agertu da EH Bilduk eta PSEk defendatutakoekin. Erakunde independente baten erabakietan sartzea egotzi die.

Gipuzkoako diputatu nagusiak ere erantzun dio Ayesaren adar teknologikoa ez erosteko Kutxa Fundazioak hartutako erabakiari. Uste du «arduragabekeria» dela gai hori eztabaida politikorako erabiltzea. «Kutxa Fundazioa auzitan jartzeak kalte egiten die Gipuzkoari eta gure herrialdeko enpresei». Esan du errespetatu egiten dituela erakunde independenteen erabakiak, eta haiengan «konfiantza» duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.