Donostiako Hontza liburu dendako arduradunek orain urtebete iragarri zuten denda ixteko asmotan zirela. Horrek, baina, askotariko kostuak ditu, eta, «itxiera gastuei aurre egiteko», lokala salgai jartzea erabaki zuten. Iazko otsailean, erosle bila zebiltzala kontatu zioten BERRIAri, eta dendak orain arte bezala funtzionatzen jarraituko zuela bien bitartean. Ez dute lokala erosteko prest dagoen inor aurkitu, eta dagoeneko jarri dute itxiera data: martxoaren 31.
1982an ireki zuten Hontza, eta, berrogei urtetik gorako ibilbidea egin ondotik, agur esateko garaia dela erabaki dute jabeek. Dendaz Esther Moiua eta Ramon Tatiegi arduratu dira urte hauetan guztietan, beste kide batzuekin batera. Bada denbora bat Jon Tatiegi dendan lanean hasia zela, Ramon Tatiegi aitari lekukoa hartuta. Hark BERRIAri esan zion «zaila» egin zaiela denda ixteko erabakia hartzea, baina ez dutela beste erremediorik aurkitu. Izan ere, Tatiegik zioen kontsumo ohiturak aldatu egin direla urteen joanean eta, beraz, bizirik irauteko geroz eta zailtasun gehiago dituztela komertzio txikiek. Horren erakusle da Donostiako Lagun eta Tobacco Days liburu dendak ere itxi izana.Â
Hontzako langileek orain urtebete zioten gaur egun «oso gutxi» erosten dela denda txikietan, saltoki handietan eta Internet bidez erosteko joera zabaldu dela, eta, hortaz, eurek ere nabaritu zutela «geroz eta gutxiago» saltzen ari zirela.
Ez da erraza Donostian denda txiki bat hainbeste urtean zabalik mantentzea, eta Hontzak oztopo ugarirekin egin behar izan du topo berrogei urteotan: Fnac kateak liburu denda ireki zuenean, adibidez, kalte handia nabaritu zuten; eta Casa del Libro irekitzean, berdin. Nolanahi ere, bezeroei emandako arretak eman die modua Hontza zutik mantentzeko, langileak beti saiatu baitira haiek entzuten eta laguntzen, aholkuak emateko. Horretarako, hizkuntza izan dute lanabes; hala bezero arretan nola liburuen aukeraketan, euskara izan dute lehentasun.
Horregatik, denda maiteenen artean dute donostiarrek, eta, ixteko asmotan zirela ohartarazi zutenean, langileek jaso zuten bezeroen babesa. Bada negozioa ixteak pena emango dionik; Idoia Santamaria itzultzailea, esaterako. BERRIAk iaz hitz egin zuen harekin, eta esan zuen Hontzan erosi izan dituela beti liburuak, ia-ia ireki zuten egunetik. Izan ere, liburu denda txikiek sortzen duten unibertsoan murgiltzea gustatzen zaiola kontatu zuen, arratsaldea liburu artean pasatzea, eta denda handiek ez dutela «halako unibertsorik» sortzen.